1.500 enpresa batzordek baino gehiagok bat egin dute greba feminista orokorrarekin

Deitzaileek nabarmendu dute zaintza lanek ez dutela aitortzarik, «bizitza sostengatzeko ezinbestekoak» izan arren.

Sindikatuak eta mugimendu feminista A-30
Mugimendu Feministako eta sindikatuetako ordezkariak, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko azaroaren 23a
13:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Astebete falta da azaroaren 30erako deitua dagoen greba feminista orokorrerako, eta atxikimenduak pilatzen ari dira. Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta gehiengo sindikalak jakinarazi dutenez, 1.500 enpresa batzorde inguruk egin dute bat deialdiarekin, eta ehun udalerri baino gehiagotan grebaren aldeko mozioak onartu dituzte.

Jangeletako enpresa guzietako eta garbiketa arloko enpresa nagusietako langile batzordeek atxikimendua adierazi diote deialdiari. Industria arloan, Mercedes, Tubos Reunidos, Tubacex, CAF, Asteasuko (Gipuzkoa) Gamesa eta beste lantegi garrantzitsuetako enpresa batzordeek ere bat egin dute deialdiarekin. Berdin egin dute eraikuntza arloko Altuna y Uria, Moyua, Murias eta beste enpresa batzuetakoek.

Zaintza arloan ere babes handia izan du deialdiak, eta enpresa eta zahar etxe askotako langileek bat egin dute. Hezkuntzan, berriz, hauek ere babestu dute greba: Hego Euskal Herriko eskola publikoetako irakasle funtzionarioen herrialde batzorde guztiek, eta heziketa bereziko lan kontratudunen eta sukaldeko eta garbiketako langileen enpresa batzorde guztiek.

Administrazioan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundietako langileek eta Gasteiz, Bilbo, Donostia, Tolosa, Beasain, Andoain, Barakaldo, Getxo eta beste zenbat udalerritakoek ere babestu dute deialdia. Beste enpresa eta instituzio askotako batzordeek bat egin dute grebarekin: Osakidetza, EITB, Euskotren, Bilboko Metroa, Ikea, Amazon, BM eta abar. ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek egin dute greba egiteko deialdia.

Steilas sindikatuko Naiara Arrietak, ESK-ko Isabel Castrok eta Mugimendu Feministako kide Blanca Peleteirok gaur gogorarazi dutenez, zaintza lanak «ezinbestekoak» dira bizitza sostengatzeko, «baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki, ez sozialki». Bereziki, zaintza lanetan eta funtsezko enpleguetan ari diren emakumeengan jarri nahi dute arreta, eta alor horretan egongo den «paradoxaz» ohartarazi dute: «Zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako greba egin ezin duten emakume horiek ez dira kontabilizatuko greba egin dutenen datuetan».

Deitzaileek azaldu dutenez, greba feminista orokorra «prozesu baten mugarria» izan da, eta denbora luzea daramate beste hainbat eragilerekin batera hori lantzen: «Greba feminista orokorrera deitzea bera iraultzailea da. Zaintza krisiaren errealitatea geroz eta ageriago geratzen ari den honetan, grebara deitzeko baldintzak sortzea eta urratsa egitea jada bada arrakasta». Zehaztu dute grebarena «denei» egindako deialdia dela: «Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak; egun, zaintza duinerako eskubidea ez dugu bermatua, eta, beraz, guztion intereseko greba da, baina guztioi ez digu berdin eragiten eta ez ditugu behar berak».

Grebaren bidez, «zaintza krisiaren urgentziazko arazoei» erantzun nahi diete: «Zaintza sistema eraldatzeko greba da, baina zaintza arloko langileen esplotazio eta prekarizazioari erantzutea lehentasunezkoa da».

Mobilizazioak

Ekintza eta mobilizazio ugari antolatu dituzte Hego Euskal Herri osoan azaroaren 30erako. Esan dutenez, herri batzuetan bezperan ere hasiko dira mobilizatzen, gauerdian. Goizetik, piketeak antolatuko dituzte, eta eguerdian mobilizazioak egingo dituzte herririk herri, «zaintza lanak eta zaintza langileak aitortzeko eta egoera prekarizatuen erantzuleak interpelatzeko». Bilbon, 12:00etan izango da mobilizazio hori; Donostian eta Iruñean, 12:30ean; eta Gasteizen, 13:00etan.

Arratsaldez ere manifestazioak egingo dituzte hiriburu eta eskualde bakoitzeko herri nagusietan. Orotara, 25 manifestazio egingo dituzte. Donostiakoa Antiguako tuneletik abiatuko da; Gasteizkoa, San Anton plazatik; Iruñekoa, Antoniutti parketik; eta Bilbokoa, Jesusen Bihotza plazatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.