Datorren urteko ekainean 1.515 lanpostuko eskaintza publikoa egingo du Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza ez unibertsitarioan. Herenegun adostu zuten hori hezkuntzako mahai sektorialean, UGTk eta CCOOk iazko ekainean Hezkuntza Sailarekin sinatutako lan hitzarmenean aurreikusi bezala. UGTren arabera, lan eskaintza horrek behin-behineko egoeran dauden irakasleen kopuru «kezkagarria» gutxituko du.
Luis Santiso UGT Euskadiko Hezkuntzako idazkari nagusiak adierazi duenez, lan eskaintza horrekin lanpostu «egonkorrak eta kalitatezkoak» sortzeko «konpromisoa» gauzatuko da, eta hezkuntza sistemako behin-behinekotasuna «murriztuko» da. «Elkarrizketaren eta negoziazioaren bideak emaitzak ematen dituela erakutsi dugu». UGTk txalotu egin du erabakia, sektorean dagoen langabezia gutxitzea «ahalbidetuko» duelako, «are gehiago krisi garaiotan lan egonkorra eta kalitatezkoa topatzea inoiz baino zailagoa denean».
Halaber, UGTren aspaldiko eskaera bat ere gauzatuko dela nabarmendu du Luis Santisok, izan ere, lanpostu guztietan ez da eskatuko bigarren hizkuntz eskakizuna -hezkuntzan eskatzen den hizkuntz eskakizun gorena-. «Lehen eta bigarren hizkuntz eskakizunak eskatzea EAEko egoera linguistikora hobekien egokitzen zaion aukera da». Hain zuzen, 1.515 lanpostu horietatik 85 postutan lehen hizkuntz eskakizuna eskatuko dute: 42 Haur eta Lehen Hezkuntzan; 11 Bigarren Hezkuntzan -Gaztelania irakasgaia emateko-, musika eskoletan 7 eta hizkuntz eskoletan 25.
1.515 lanpostuko eskaintza publikoa egingo dute ekainean
Lehen hizkuntz eskakizuna eskatuko dute 85 postutan, eta horietatik 42 Lehen Hezkuntzakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu