POLITIKA

155. artikulua indargabetzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta EAJk babestu dute mozioa.

Eusko Legebiltzarreko artxiboko irudi bat. JUANAN RUIZ, FOKU
jon olano
2018ko martxoaren 16a
17:23
Entzun

Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena indargabetzearen eta Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz espetxeratuak askatzearen alde, mozio bat onartu du Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako erdibideko zuzenketak EAJren babesa ere jaso du, eta PSE-EE eta PP agertu dira kontra.

Eztabaidan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak adierazi du "Espainiari bere argizarizko kareta urtzen hasi" zaiola, "eta azpian ikusten den iluntasuna ezkutatu ezinean" dabilela. Salatu du Espainiak ez duela "155.a behar, Espainia 155.a delako".

Joseba Egibarrek EAJren babesaren zergatiak azaldu ditu. Haren hitzetan, "elkartasunez" babestu dute eskaria, baina baita Katalunian gertatzen ari denak Euskal Herrian ere eragiten duelako: "Estatu estrategia bat dago. Gobernua pieza bat da. Abisua da: hemen daude mugak. Eta abisu hori hara eta hona bidali dute".

PSEko Jose Antonio Pastorrek Kataluniako independentisten bizkar utzi du 155.aren ardura: "Badirudi 155.a gozatzen ari direla. Biktimismo iraunkorrarekin gozatzen dute". PPko Borja Senperrek, berriz, argudiatu du 155.ak "lasaitasuna" eragin duela Katalunian: "Erakundeek indarrean jarraitzen dute, baina jada ez daude burugabe batzuen eskuetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.