16 urteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak Tafallako gizon bati, anaia hiltzeagatik

Anaia hamalau labankadaz hil zuela onartu zuen gizonak.

ESPAÑA NAV CRIMEN TAFALLA
Anaia hil zuen gizona, epaiketan, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 8a
15:15
Entzun

Otsailaren 19tik 22ra bitartean Nafarroako Auzitegian egindako epaiketaren ondoren, epaileak hamasei urteko kartzela zigorra ezarri dio Tafallako 46 urteko gizon bati. Zigortuak hamalau labankadaz hil zuen anaia 2022ko ekainaren 21ean. Sententziaren arabera, «bat-batean eta ustekabean, erreakzionatzeko eta defendatzeko aukerarik gabe» hil zuen gizonak anaia. Epaileak azaldu duenez, bi anaiak etxe berean bizi ziren, eta etengabekoak ziren bien arteko borrokak.

Zinpeko epaimahai batek epaitu zuen akusatua. Hilketa delitu baten erruduna zela erabaki zuen, baina bi aringarrirekin: alde batetik, aitortza, anaia hil eta segituan gizona Poliziarengana joan baitzen hilketa aitortzera; bestetik, ahaidetasuna, hiltzailea eta hildakoa anaiak baitziren. 

Epaileak, ordea, sententzian dio ezin duela ahaidetasunarena aringarri gisa hartu —normalean larrigarritzat hartzen da—, eta aitortzarena aintzat hartu du hilketagatik ezarri beharreko zigorra ezartzeko. Fiskalak hogei urteko zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, hamar urtekoa. 

Epaian, zaintzapeko askatasuna ere ezarri diote akusatuari: kartzelatik ateratakoan, zaintzapean egon beharko du gehienez sei urtean. 66.350 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio amari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.