1936ko gerrako hobien mapa prest da Nafarroan. Tracasa enpresak egin du, Nafarroako Gobernuak eskatuta. Jendaurrean aurkeztu baino lehen, memoria historikoan lanean ari diren elkarteek jaso dute haren berri. Bilera egin dute Tracasako kideekin, bai eta Nafarroako Gobernuko presidenteorde Roberto Jimenezekin ere. Mapa Interneten bidez kontsultatu ahal izanen da, web orria martxan jarriko dutenean. 1936ko gerrako errepresioarekin lotutako 221 hobi komun eta beste toki zehaztu dituzte Tracasako teknikariek mapan.
Iruñetik behera daude hobi eta toki horietako gehienak, Tracasako Moises Zalbak nabarmendu duenez. «Iruñe inguruan, Ezkabako gotorlekuaren inguruan daude horietako anitz; Erriberan ere anitz dira, eta gutxi, berriz, iparraldean», azaldu du Tracasako kideak.
Eraildako pertsonen gorpuak lurperatzeko erabili zituzten hobiak; tokien bidez, berriz, gertaera bortitzak izan ziren lekuak zehaztu dituzte mapan, Zalbak jakinarazi duenez.
«Mapa bizia» dela gaineratu du. «Asmoa da osatzen joatea». Informazioa biltzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, hain zuzen ere, memoria historikoari buruz lanean ari diren taldeek. «Garrantzitsua da proiektua diruz hornitzea, lanean jarraitu ahal izateko, eta Roberto Jimenezek halaxe izanen dela erran du», azaldu du Carlos Otxoak, memoria historikoko taldeon izenean.
Otxoak salatu du, hala ere, mapa osatzeko prozesuan parte hartze zuzenagoa izateko aukerarik ez dietela eman. «Produktua eginda aurkeztu digute». Ontzat jo dute mapa, hala ere, nahiz eta «berandu» egin duten. «Obren eta gisakoen ondorioz hainbat hobi galdu egin da jada». Halakorik berriz ez gertatzeko, toki bakoitzean hobi bat dagoela azaltzeko seinaleak jartzeko eskatu dute elkarteetako kideek.
Urduña, barkamen eske
Urduñako Udalak (Bizkaia) adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, eta 1936ko gerrako presoak «esklabo gisa» erabiltzeagatik barkamena eskatu du. Udaleko alderdi guztiek egin dute bat adierazpenarekin, hau da, Bilduk, EAJk eta PPk.
Urduñan gerrako presoentzako kontzentrazio esparrua zabalik egon zen 1937tik 1941era. 50.000 pertsona inguru eduki zituzten han preso. Pertsona horiek hamaika herrilan egiten aritu behar izan zuten, behartuta.
Pertsona horien memoria berreskuratzeko konpromisoa hartu du Urduñako Udalak, bai eta, horretarako dituen ahalmenen arabera, herrian dauden ikur frankistak kentzeko ere.
1936ko gerrako 221 hobi eta toki esanguratsu Nafarroan non diren zehaztu dute
Tracasak egin du mapa, Nafarroako Gobernuak eskatuta; memoria historikoan ari diren taldeei aurkeztu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu