Oskar Abad eta Itziar Martinez euskal presoek duela hiru eta bi urte kalean behar zutela onartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor salak. Defentsek aurkeztutako helegiteak aztertu ditu salak plenoan, eta arrazoi zutela ondorioztatu du: kartzelan behar baino gehiago egon direla. Bi presoak berehala askatzeko agindu du, eta atzo ziren Salamancako Topas espetxetik ateratzekoak.
Praktikan espetxealdiak luzatzea dakarren 197/2006 epaia ezarria zuten bi presoek, eta luzamendua egoki ezarri ote zitzaien aztertzen aritu ziren Auzitegi Nazionaleko Zigor salako 18 magistratuak. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoari 197/2006 epaia ezarrita giza eskubideak urratu zitzaizkiola ebatzi ondoren, Estrasburgoko epai hori oinarritzat hartuta, luzamenduen aurkako helegiteak aurkeztu zituzten hainbat presok. Horietako 33ren helegiteak aztertzeari ekin zion Auzitegi Nazionalak irailaren 18an. Orduan erabakirik hartu ez zutenez, asteazkenean ekin zioten berriz hausnarketari. Lau orduz deliberatzen aritu, eta atzo jarraitu zuten eztabaida. Horietako 17ri buruzko erabakia hartu zuen Auzitegiak: Abad eta Martinezen helegiteak ontzat eman zituen, eta beste 15 euskal presorenak atzera bota.
Informaziorik ez auzitegitik
Abad eta Martinezen senideek presoek beraiek deituta izan zuten erabakiaren berri. Horien defentsarako abokatuek, berriz, ez zuten informaziorik jaso auzitegitik. Eukene Jauregi abokatuak BERRIA-ri azaldu dionez, bere bezeroak askatzeko erabakiaren arrazoiaren berririk ez dute jaso. Senideen bidez jakin dute bi presoak askatuko zituztela. Horren arrazoiari dagokionez, hedabideetan irakurritakoa besterik ez zekitela ohartarazi du.
Auzitegi Nazionaleko prentsa bulegora jo, eta albistea baieztatu diote BERRIAri: Abad eta Martinez askatzea erabaki du auzitegiak, eta atzo bertan ziren askatzekoak. Gainontzean ere, albiste agentziek zabaldutakoa baieztatu zuten, ohar bat nabarmenduta: «Kasu bakarra da Parot doktrinagatik; bestea askatzeko erabakiak ez du zerikusirik doktrinaren ezarpenarekin».
Itziar Martinez Galdakaoko presoaren kasuan onartu du auzitegiak 197/2006 epaia gaizki ezarri zaiola. Auzitegi Konstituzionalak bere eskaera aztertzea bera atzera bota zuen «forma arazoak» argudiatuta. Baina abokatuek ohartarazi zuten 1991n berekin egoera berean atxilotu zuten beste kide baten eskaera onartu zutela eta, beraz, Martinezi ere neurri bera ezarri behar zitzaiola. Arrazoi eman dio auzitegiak, eta kaleratzea erabaki. 2009ko ekainerako zuen kaleratze eguna Martinezek, baina doktrina ezarri eta 2021ra luzatu zioten espetxealdia. Orain, 2009an askatu behar zutela ebatzi du auzitegiak.
Basaurikoa da Abad. 1991n espetxeratu zuten, eta 2010eko abendurako zuen kaleratze eguna. Doktrina ezarrita eduki dute espetxean, 2021. urtera arte hala egon beharko zuela jakinarazita. Auzitegitik jakinarazi dutenez, 1973ko Zigor Kodea oinarritzat hartuta zigortu zuten Abad. Zuzenbidearen oinarrizko irizpide batek dio legea aldatzen bada zigortuarentzat onuragarrien den araudia ezarri behar zaiola presoari. 1995eko Zigor Kodea Abadentzat mesedegarri dela onartu du Auzitegi Nazionalak. Horren arabera kalean behar duela ondorioztatu du, eta askatzeko agindu.
Hamabost presori, ezezkoa
197/2006 epaia ezarria duten beste 15 euskal presoen helegiteei ere erantzun die Auzitegi Nazionalak. Atzera bota ditu kaleratze eskaerak. Zortziren kasuan, Auzitegi Konstituzionalak dagoeneko kaleratzea ukatu diela arrazoitu du, eta, zazpiren kasuan, Auzitegi Konstituzionalak edo Gorenak epaia emateko zain daudela.
Edozein kasutan, Auzitegi Nazionalak ez du argitu nortzuk diren helegiteak atzera botatzearen ondorioz kartzelan jarraitu beharko duten presoek. BERRIA-ri erantzun diotenez, epaileek ez diote horri buruzko informaziorik eman prentsa bulegoari. Erabakien berri ofizialki jasotzen duten autorik ere ez dietela helarazi adierazi dute.
Orain, beste 16 presoren egoerari buruzko erabakia hartzea falta zaio Zigor Salari. Mahai gainean zituen 33 kasuetatik 17 ebatzi ditu, eta azaroaren 14an bilduko dira berriz salako 18 magistratuak, 197/2006 epaiaren aurkako helegitea aurkeztua duten 16 presoren egoerak banan-banan aztertzen jarraitzeko.
Herrira mugimenduak «oso larritzat» jo du zigorra luzatu dieten 15 presori kaleratzeko aukera ukatu izana: «Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duen doktrina ezarri zaie», ohartarazi du Ines del Rioren kasuan Estrasburgok emandako epaia gogora ekarrita. «Tematuta daude mendekuzko politikak egiten bake prozesua geldiarazi nahian, eta legeak nahi erara bihurritzen dituzte zigor osoa betea duten 65 pertsonak espetxean edukitzeko». Presoen eskubideak errespetatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, «sinesgarritasuna galtzen» jarraitu nahi ez badu.
Beste 20, Estrasburgora
Bestalde, euskal presoen abokatuek 197/2006 epaia ezarri dieten beste hogei presoren helegiteak aurkeztuko dituzte Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Astelehenean joango dira Estrasburgora, Ines del Riori doktrina ezarrita oinarrizko eskubideak urratu zitzaizkiola-eta presoa berehala askatzeko agindu zuen auzitegi berera.
197/2006 epaia ezarria zuten bi preso askatzeko agindu du auzitegiak
Auzitegi Nazionalak beste hamabost euskal presori 'Parot doktrina' ez indargabetzea erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu