"1977 hasieran, Telesforo Monzonek ETAren eta EAJren arteko bilera bat proposatu zuen. Ni orduan EBB kidea izan nintzen, eta badakit idatzi bat bidali zigula. Bileraren eskemaz hitz egin zen harekin, eta lortu zuen EAJ eta ETA batzea mahai batean bueltan. Hilabete batzuk lehenago, EAJk alderditik bidali zuen Monzon. 1977ko apirilaren 23an izan zen aurreneko bilkura, Xiberta hotelean. Eragile gehiago ere izan ziren batzar haietan. Bost bilera egin ziren, beti han".
Amnistia eta bozak
"Amnistia zen gako nagusia. EAJ 1976 bukaeran-1977 hastapenean hasi zen Adolfo Suarez Espainiako gobernuburuarekin hizketan Amnistia Legeaz. 1977ko ekainean ziren frankismo osteko lehen hauteskundeak. Batzorde bat sortu zen Madrilen, eta EAJren izenean Julio Jauregi senataria egon zen. Guk informazio ona geneukan amnistia ematearen aukeraz. Aitortu behar dut EAJk ez zituela gauzak behar bezain garbi azaldu, agian. ETAk ez zuen uste amnistia ekaineko hauteskundeen aurretik emango zenik".
"Hauteskundeetara denak batera aurkeztea ere eskatu zuen ETAk. EAJk ez zuen hori nahi, berak bakarrik aurkeztu nahi baitzuen. Gainera, EAJri ez zitzaion axola besteak ez aurkeztea, hartara bera bakarrik azalduko zelako Euskadiren interesen defentsan. Juan Ajuriagerrak EBBren bileretan askotan esaten zuen 1930ean Donostiako Itunean ez egonda aukera handi bat galdu zuela EAJk, eta esperientzia txar hark eragin zuen EBBn frankismoaren ondoren. Beraz, lehen hauteskunde haietan egongo zen, bakarrik, baita artean amnistiarik ez balego ere. Gainera, Madrilek bazuen elkarrizketen berri".
"Asko eztabaidatu zen Xibertan, baina hasiera samarretik ikusten zen ez zela akordiorik lortuko. Aldez aurretik finkatutako eskema batekin joan zen EAJ, eta, nire ustez, ETA ere bai. Porrot bat izan zen, porrot kolektibo bat. Galdutako aukera bat".
Txomin Iturbek pisua
"Hotelaren behealdeko toki batean bildu ginen: garbigunean. Bileran geundela, tarteka pasatzen ziren hoteleko langileak arropekin. Mahai lauki bat zen. Gure aurrean jartzen ziren ETAkoak, edo gu haien aurrean".
"EAJko ordezkariak Hegoaldeko lau lurraldeetako kide bana ginen: Juan Jose Pujana, Gerardo Bujanda, Koldo Amezketa eta laurok. 26 urte nituen. 1972tik nintzen EBBko kidea. Xibertako askok nik baino esperientzia politiko handiagoa zuten, baina asmo onez joan nintzen. ETAren izenean, Txomin Iturbe, Yoyes, Argala, Peixoto edota pm-ko Trepa zeuden, eta ikusten zen Txominek pisu handia zuela. Argala oso zorrotza zen, zehatza. Pm-koak, anbiguoak".
"Goiz eta arratsalde biltzen ginen. Bazkaldu, hotelean bertan. Bileretan atsedenaldi batzuk ere egiten genituen, eta ETAkoak normalki euren inguruko alderdiekin egoten ziren hizketan, baita bazkaltzen ere. EAJkook bakarrik egoten ginen, baztertuta bezala; inoiz laguntzen ziguten Jose Luis Elkoro Bergarako alkateak eta Jose Antonio Altuna Arrasatekoak. Beste alderdi batzuetakoak, eurak batzen ziren. Inoiz egoten ginen elkarrekin, futbolaz-eta mintzatzeko. Baina eguneko azken bilera bukatu, eta beti etxera".
"Nik, behintzat, ez nuen Xibertara iristeko segurtasun neurririk hartzen. Neure Renault 5arekin joaten nintzen Gasteiztik haraino.
Borroka armatua
"ETAren su-etenaz ere hitz egiten genuen. EAJk menia eskatzen zuen. Argalak esan zuen bazutela horretarako borondatea, betiere akordioa lortzen bazen Xibertan. EAJk beti gaitzetsi du indarkeria, baina frankismo garaian ez zuen ETAren aurkako posizio gogorra eta aurrez aurrekoa. EAJren lehen mobilizazio handia Xiberta ondoren izan zen".
"Legenda batek esaten du Txominek halako batean pistola bat jarri zuela mahai gainean. Hori ez da egia. Inor beldurtzeko inolako keinurik ez zen egon han".
"41 urte pasatu dira Xibertakotik, eta galdu izan ditugu beste aukera batzuk. T4koan salbu, esango nuke prozesuak haustearen ardura ez dela bakarrik izan su-etena apurtu duenarena; beste parteek ere izan dute erantzukizunik. Xibertan, denok".