Dora Salazar artista altsasuarrak egingo du 1978ko Sanferminetako gertakarien oroimenezko eskultura. Burdin forjatuan egindako bi metro inguruko figura izango da, eta Ermuko (Bizkaia) Urkobase galdategian landuko dute. Egilearen esanetan, gorputz totemiko bat da, buru eta besorik gabekoa, "mingarria izatera iritsi gabe, gaia ederki identifikatzen ahal duena". Iragana oroitarazteaz gain, etorkizunean ere eraso gehiago ez izateko exijentzia islatuko du.
Dagoeneko, lana finantzatzeko kopuruaren %20 bildu dute. Martxoaren 23ra arte izango da ekarpena egiteko aukera. Hala egiten duten herritar eta taldeen izenak jasoko ditu eskulturak, lanaren "herri izaera kolektiboa" nabarmentzeko.
Eskultura ekainean inuguratzea espero du Sanfermines 78 Gogoan elkarteak, gertakarien berrogeigarren urteurrena baino egun batzuk lehenago. 1978ko uztailaren 8an, Espainiako Polizia tiroka sartu zen Iruñeko zezen plazara. Kanpoan, German Rodriguez iruindarra hil zuen.
Aurtengo Sanferminen aurretik, hainbat ekintza antolatuko ditu hilabetero elkarte memorialistak; besteak beste, zinema, antzerkia, argazki erakusketak, bertsolaritza eta hip hop eguna. Hitzaldi sorta bat ere egingo dute Beste trantsizioa izenburupean. Otsailaren 20, 21 eta 22an izango da, Iruñeko Kondestablen.
Elkarteak eskultura jartzeko asmoaren eta diru bilketa kanpainaren berri ematen duen bideoa zabaldu du sare sozialetan.
[youtube]https://youtu.be/TfKfpI-BaSo[/youtube]