2.000 lagunek sinatu dute EHUren 'Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde' adierazpena

EHUren esanetan, zenbait campusetan eta ikastegitan «bizikidetza baketsua asaldatu duten gertaerak» egon dira azkenaldian, eta horiek salatu dituzte adierazpenaren bidez.

EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 17a
15:54
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde adierazpena egin zuen publiko martxoaren erdi aldera, eta, gaur jakinarazi duenez, 2.000 kidek baino gehiagok babestu dute: 2.021 pertsonak sinatu dute. Tartean daude, esaterako, Eva Ferreira errektorea eta Nekane Balluerka errektore ohia, baita zenbait ikasle, irakasle eta bestelako langile ere.

Unibertsitateak ohar bidez azaldu duenez, errektoretza taldeak, fakultateetako dekanotzek, eskoletako zuzendaritzek, eta ikasleen kontseilu nagusiko eta campusetako ikasleen kontseiluetako presidenteek bultzatu dute dokumentua, eta xede bat izan du: «Adierazpenaren helburua zen euskal unibertsitate publikoaren eta bertora egun etortzen diren pertsona guztien aldeko aldarrikapen esplizitua egitea».

Testua argitaratzeko arrazoiak ere jakinarazi dituzte. EHUren esanetan, zenbait campusetan eta ikastegitan «bizikidetza baketsua asaldatu duten gertaerak» gertatu dira; hala nola eraso fisikoak, hitzezko erasoak, irainak eta mehatxuak egon dira, eta tresnak eta instalazioak «suntsitu» dituzte: «Unibertsitateak azpimarratzen duenez, portaera horiek guztiz onartezinak dira. Nahi duguna da unibertsitateko langile eta ikasle guztiok bertan eroso eta seguru sentitzea, askatasunez adieraztea nahi duguna, elkarrizketan askatasunez aritzea, eta besteei gauza bera egiten uztea. Aldarrikatzen dugu unibertsitateko eremu publikoek askatasun eta gozamen eremuak izan behar dutela, beldurrik gabeko eremuak, guztion eremuak».

Unibertsitatearen arabera, protesta horiek bizikidetza arautegia eta haren lehen kode etikoa onartu berri dituenean gertatu dira. Nabarmendu dutenez, dokumentu horiek unibertsitatea osatzen duten zenbait sektoreren eta pentsaera desberdinen arteko aho batezko akordioak izan dira. Gainera: «Bi testu horiek dei egiten dute adierazpen askatasuna erabiltzera, baina beti errespetuz, tolerantziaz eta pertsona guztiekiko begirunez».

Agiriak, zeresana

EHUren agiriak zeresana eman du. Sinadura bilketaren berri izan zuenean, IA Ikasle Abertzaleak taldeak, esaterako, salatu zuen adierazpenak unibertsitateko egunerokoa ezkutatu asmo duela: «Agiri hori unibertsitateko testuinguruan kokatzen baldin badugu, errektoretzaren interes korporatiboen aldeko mugimendua dela ikus dezakegu, eta unibertsitateko ikasle eta langileon aurkako eraso moduan ulertzen dugu». Horren aurrean, sinadurak biltzen hasi ziren haiek ere, Polizia unibertsitatera sartu ez dadila eskatzeko eta eskubide politikoak bermatzeko, baita EHUk Israelekin harreman oro eteteko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.