Iruñeko Adingabeen Epaitegiak absolbitu egin ditu 2010eko sanferminetako txupinazoan istiluak eragiteagatik auzipetutakohiru gazteak. Desordena publikoak egitea eta Udaltzaingoaren agenteei eraso egitea egozten zieten 14 eta 16 urte bitarteko hiru gazteei, eta haien aurka zaintzapeko askatasuneko 18 hilabeteko zigorra eskatzen zuen fiskaltzak. Epaileak, ordea, ebatzi du ezin dela frogatu istilu horietan parte hartu zutela, eta hiru adingabeak errugabe jo ditu.
Duela bi urteko sanferminetako istiluetan du jatorria auziak. Orduan, suziria bota aurreko unetan Iruñeko gazte batzuk ikurrina erraldoi bat zabaltzen hasi ziren. Berehala, udaltzain talde bat sartu zen Udaletxe plazan, jendea bultzatuz eta borrekin gogor joz. Orduan, ikurrina zuten gazteengana hurbildu, eta, indarrez, ikurrin erraldoia eskuetatik kendu zieten. Zabal daitezkeen borrekin, bultzatu eta jo egin zituzten ikurrina eusten zuten lagunak.
Hori frogatzeko bideo bateko irudiak aurkeztu zituen akusatuen defentsak iaz egindako epaiketan. Txupinazoko istiluak Iruñeko udaltzainek eragin zituztela salatu zuten adingabeek orduan: Poliziak oso bortitz jo zituela, baina ez zutela erantzun. Udaltzainek, berriz, esan zuten beraiek ez zirela ikurrina kentzera joan ikur jakin hori zelako, baizik eta edozein pankarta handi kentzeko agindua zutelako sartu zirela.
Iruñeko adingabeen epaileak sententzian dio epaiketan lekuko gisa deklaratu zuten udaltzainek ez zutela lortu istiluetako adingabeak identifikatzea. Epailearen arabera, gainera, ezin da frogatu akusatuek desordena publikoak egiteko helburua zuen talde antolatu bat eratzen zutenik, eta ez dela frogatutzat eman istiluetan parte hartu zutenik.
Istilu horietan, norbaitek botila bat jaurti zuen, eta gazte madrildar bati jo zion buruan, eta, ondorioz, zauri larriak eragin zizkion. Adingabeek botila hori jaurti zutela frogatzerik ez dagoela dio epaiak, eraberean.
Horrez gain, akusazioak aurkeztutako bideoa ezin dela frogatzat hartu dio epaileak. Bi arrazoi ematen ditu horretarako: batetik, irudietanadingabeak ezin direlako identifikatu, eta, bestetik, «kronologikoki ordenatu gabeko irudi sorta bat» besterik ez delako. Udaltzainek epaiketan bertan aitortu zuten istiluak izan eta zortzi hilabete geroago aurkeztu zutela bideoa, eta hura hainbat irudirekin muntatua zela. Hori horrela, epaileak sententzian ebatzi du bideo hori ez dela «froga nahikoa» adingabeak zigortzeko.
Bete hamahiru gazte ere, adin nagusikoak, auzipetuta daude 2010eko sanferminetako txupinazo eguneko istiluengatik, baina oraindik ez dute epaiketaren egunik ezarri.
2010eko txupinazoan istiluak sortzea egotzitako nerabeak absolbitu dituzte
Hiru adingabeek Iruñeko udaltzainei eraso zietenik ezin dela frogatu ebatzi du adingabeen epaitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu