Koldo Amezketa Nafarroako Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kidea datorren urteko Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeei begira indar abertzaleen batasunaren bidea bilatzearen alde agertu da gaur, eta Aralar eta EAJ maiatzeko hauteskundeetan "okerreko erabakia" hartu zutela onartzera deitu ditu.
Batasun hori udal eta foru hauteskundeetan ere posible izan zela aitortu du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak gaur Deia egunkariak argitaratu duen elkarrizketan, eta Aralarrek formula hori NaBain erabili zuela gogoratu du. ETAren jarduna bertan behera geratzeak aukera zabaldu egiten duela gaineratu du.
Amezketak, ordea, gogorarazi dio EAk ezker abertzalea NaBain sartzearen alde agertu zenean, bota egin zutela Aralarrek, EAJk eta independenteek. Elkarrizketan batasuna bilatzeko oztopoak gainditzeko formulak badaudela esan du Zabaletak, eta Aralarrek urrian egingo duen ohiko batzarrean hori aztertuko dutela.
Gutxi barru aurkeztuko du Aralarren zuzendaritzak Espainiako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako ponentzia, eta Deia egunkariak gaur aurreratu duenez, Bildurekin bat egitea proposatuko du. Patxi Zabaletak dio ezker abertzalearen batzea egin beharreko zerbait dela, eta egingo dela.