Hamaika protagonista izan ditu 2014ak, bai Euskal Herrian eta baita nazioarte mailan ere. Besteak beste, Abortuaren Lege proiektuaren etenaren urtea izan da 2014, eta erabakitzeko eskubideak ere hainbat interes gune izan ditu azken hamabi hilabeteotan. Gaietako batzuek BERRIAren irakurleen arreta berezia piztu dute:
Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea
Euskal Herrian inoiz izan den ekimen jendetsuenetakoa izan zen Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ekainaren 8an eginiko giza katea. Durango eta Iruñea batu zituzten 150.000 lagun inguruk. Hedabide ugari ere elkarlanean aritu ziren egun horretan, eta giza katean parte hartu zuten herritarren argazkiekin osatutako mapa izan zen BERRIA egunkariaren ekarpenetako bat. Mapa hori izan da Berria.eus webgunean bisita gehien jaso dituen esteka.
Ipar Euskal Herriko Udal bozak
Udal bozak egin zituzten Ipar Euskal Herrian martxoaren 23an eta 30ean. Besteak beste, Jean-Rene Etxegarai Jean Greneti nagusitu zitzaion Baionako auzapez izateko lehian, eta sozialistek Hendaiako Herriko Etxea lortu zuten abertzaleen eskutik. Abertzaleentzat, Uztaritzeko Herriko Etxea eskuratzea izan zen garaipen nagusia.
"Nik ere abortatu egin dut"
Apirilean, hamar emakumeren testigantzak bildu zituen BERRIAk: garai eta lege egoera desberdinetan haurdunaldia etetea erabaki duten hamar andre beren esperientziez mintzatu ziren, abortuaren inguruko tabua hausteko. Maria Jesus Berrotaran, Idoia Eizmendi, Mari Luz Esteban, Gema Lasarte, Monika Sojo Plazaola, Sorkun Rubio, Ana Etxarte, Alaitz Tresserras, Hegoa Ugalde, Ekiñe Zurutuza izan ziren protagonistak.
Arnaldo Otegiri elkarrizketa
[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2224/[/Berriatb]
Urrian, Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusi eta Bateragune auziko presoari eginiko elkarrizketa luzeak eman zuen hizpidea. Espetxetik erantzun zion galdetegi luze bati, eta bake eta konponbide prozesuaz, prozesu independentistaz eta XXI. mendeko sozialismoaz egin zuen gogoeta.
EPPK-ko bitartekarien atxiloketak
Gatazkaren konponbidearen alorrean albistez josita hasi zen 2014a. Bilbon euskal presoen eskubideen alde egitekoak ziren manifestazio baino egun batzuk lehenago, Guardia Zibilak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldeko zortzi kide atxilotu zituen: Arantxa Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Egoitz Lopez de La Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz.
Gaizka Aranguren kazetariaren anaia da Asier Aranguren, eta haien familiaren historiaz idatzi zuen Gaizka Arangurenek atxiloketaren ostean. Oso zabaldua izan zen artikulu hura Berria.eus-eko irakurleen artean.
Arkaitz Bellonen heritoza
Arkaitz Bellon euskal presoa hilik topatu zuten otsailean Puerto I-eko espetxean. 36 urte zituen Bellonek, eta hamahiru urte eta hiru hilabeteko zigorra betetzen ari zen kale eraso batean parte hartzea egotzita. Hiru hilabete falta zitzaizkion zigorra betetzeko.
Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea Bellon zenaren bikotekideak haren heriotzaren ostean argitaratutako gutuna izan da urtean gehien irakurri direnetako bat. Maitasuna da bide bakarra zioen izenburuak.
Aitor Renteriaren heriotza
Ipar Euskal Herriko euskalgintzak kolpe latza jaso zuen maiatzean, Aitor Renteria Txato BERRIAko kazetaria hil baitzen, bihotzekoak jota. Bertsolaria, euskarazko kazetaren Baionako delegazio burua eta iheslaria zen Renteria, eta omenaldi hunkigarria egin zioten Bilbon, sorterrian.