Eusko Jaurlaritzak ez du hiru urte baino lehen erabakirik hartuko Araban gas naturala fracking edo haustura hidrauliko bidez ateratzeko. «Behar diren esplorazio guztiak egingo dira bideragarritasun ekonomiko, tekniko eta ingurumenari lotutakoak ikertzeko», Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordeak adierazi duenez. Azterketa horiek guztiak egin eta gero hartuko dute azken erabakia, baina garbi utzi du ez dela «hiru urte baino lehen» izango.
Adierazpen horiek Euskadiko Energia Estrategia 2020 planaren aurkezpen ekitaldian egin zituen atzo Garmendiak. Gas naturalak garrantzi handia izango du proposatu berri duten estrategia energetikoan, eta 2020rako haren erabilera %50 gehitzea espero dute. «Trantsizioko» energia izango dela jakinarazi du sailburuordeak, eta gas naturala hazten den neurrian petrolioaren kontsumoa %9 jaitsiko dela iragarri du. Bide horretan, garraio sektorean energia alternatiboen presentzia areagotu nahi du Jaurlaritzak, %15 izateraino. Ondorioz, errepideetan petrolio bidez ibiltzen ez diren 37.100 ibilgailu egotea lortu nahi dute 2020. urterako.
Xede horiez gain, energia aurrezpena %17 igo, eta berriztagarrien aprobetxamendua %87 areagotu nahi du Eusko Jaurlaritzak, atzo aurkeztu zuen planaren bitartez. Hazkunde horrekin, energia berriztagarriak ekoizpen osoaren %16 izatera iristeko konpromisoa jarri du Garmendiak datozen urteetarako. Neurri horiek guztiak behin lortuta eta martxan jarriz gero, energia kontsumoa murriztea lortuko litzateke, baina ez hori bakarrik. «Bertako baliabideak aprobetxatu eta atmosferara CO2 gutxiago» aireratuko litzateke. Datua ere eman du: karbono dioxidoaren emisioak urtean 2,5 milioi tona murriztea lortuko litzateke Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera. Hau da, 2005ean baino %18 emisio gutxiago isuriko lirateke airera.
Zortzi urtean, 11.000 milioi
Estrategia berria martxan jartzeko, 11.000 milioi euroko mugimendua egongo da 2020. urtera arte. Kopuru horretatik, 1.770 milioi euro —aurrekontu osoaren %16— Jaurlaritzak jarriko ditu, eta gainerakoa inbertsio pribatuen esku egongo da. Diru horren gehiengoa jarduera alor guztietara bideratuko da, 7.890 milioi euro, eta beste guztia garapen teknologikoari lotutako Ikerketa eta Garapeneko inbertsioa izango da, 2.820 milioi euro denera.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, inbertsioaren %61 euskal enpresek ekoiztutako ondasun eta zerbitzuen bidez beteko da. Barne produktu gordinaren %1,6 izango litzatekeen ekarpenaren adinako inbertsioa egingo dio gizarteari. Ondorioz, urtean 14.150 enplegu «eusten lagunduko du», Garmendiaren esanetan.
2015. urtera arte ez dute erabakiko haustura hidraulikoari buruz
Gas naturalaren erabilera %50 gehitzea proposatu dute Euskadiko Energia Estrategia 2020 planean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu