ESPAINIAKO GOBERNU ERAKETA

2017 hasieran konstituzio erreforma idazten hastea proposatu die PSOEk alderdiei

PSOEk elkarrizketarako dokumentua aurkeztu die alderdiei, negoziazioei ekiteko. Erreforma horretan, egungo konstituzioaren "printzipio eta erakunde nagusiei eutsi" nahi die, eta estatu federalaren kontzeptua "minimoki" zehaztu.

PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez, EAJko ordezkariekin bildu osteko agerraldian. SERGIO BARRENECHEA / EFE
jon olano
2016ko otsailaren 8a
08:07
Entzun

PSOEk elkarrizketarako dokumentua aurkeztu die alderdiei —tartean, EAJri—, eta horixe izango da datozen asteetan negoziazioetarako erabiliko duten oinarria. Dokumentu horrek zazpi ardatz ditu, besteak beste, konstituzioaren erreforma eta langabeziari aurre egiteko neurriak.

Hilabeteko epean, Espainiako Kongresuan konstituzioaren erreformari buruzko azpibatzorde bat osatu nahi du PSOEk, hark, sei hilabetez, zedarritu dezan erreformaren "perimetroa". Horren barruan zenbait gai kokatu nahi ditu PSOEk: eskubide zibil eta politiko berrien aitortza, Espainiako Koroaren oinordetzan gizonen lehentasuna ezabatzea, hauteskunde sistema berrikustea, senatuaren funtzioak aldatzea eta "minimoki" bada ere estatu federalaren kontzeptua garatzea.

Batzorde horrek bere zereginak amaitzean, ponentzia konstituzional bat izendatu nahi du PSOEk, 2017 hasierarako konstituzio erreforma idazten has dadin. Halaber, proposamenean jasotzen du ez dela PSOEren asmoa prozesu konstituziogile bat abiatzea, egungo konstituzioaren "printzipio eta erakunde nagusiei eustea" baizik.

Gainera, lan erreforma bertan behera uztea, langileen estatutu berri bat egitea eta larrialdi plan bat osatzea ere proposatu du. Plan horrek jasoko luke gutxieneko diru sarrerak bermatzea, energia pobreziaren eta etxegabetzeen aurkako neurriak hartzea eta bi legealdiko epean gutxieneko soldata %60 haztea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.