Bide luzea geratzen zaio aurretik, baina lehen pausoa eman du Nafarroako Gobernuak: klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurreproiektua onartu du gobernu kontseiluak gaurko saioan. 2005eko gas emisioekin alderatuta, 2030erako gas emisioak %45 murriztea eta energiaren %50 berriztagarrien bidez ekoiztea jarri du helburu gisa. Esparru anitzeko testua da, eta, besteak beste, honako orotariko neurri hauek aurreikusten ditu: alorreko politikak kudeatzeko trantsizio energetikoaren agentzia eta klima aldaketaren bulegoa sortzea; energia berriztagarrien proiektuak foru intereseko inbertsio gisa aurreikustea; eraikuntza berrietarako baldintzak aldatzea, garraio edo administrazio iraunkorrerako urratsak egitea...
Dena den, prozesu luzea geratzen da aurretik. Europako Batasunean hartutako konpromisoei jarraituz, egungo gobernuak klima aldaketaren inguruko adierazpen bat onartu zuen irailean. Gaurtik, gobernu irekiaren webgunean jarri dute aurreproiektua, eta herritarrek zein gizarte eragileek testuari ekarpenak egiteko aukera izango dute ekainaren 30era arte. Uztailean jaso dituzte proposamen horiek. Hortik aurrera, Parlamentuan ere bere bidea egingo du, onartua izan arte.
Proposamenak hainbat alor hartzen ditu. Alde batetik, trantsizio energetikoaren politikak koordinatuko dituen agentzia bat sortzea proposatzen du, eta, hari lotuta, klima aldaketaren bulego bat ere bai. Beste ideia berritzaileetako bat da karbonoaren aurrekontuak sortzea «berotegi efektuko gas emisioen inbentarioa egin eta etorkizunerako proiekzioa egitea izango du helburu». Halaber, funts klimatiko bat sortuko dute, eta politika horiek ezartzeko «erreminta nagusia» izango da: aurrekontuen, beste erakundeen eta isunen bidez lortutako diruarekin finantzatuko da, besteak beste.
Energia berriztagarriei bultzada bat emango zaie, helburu gisa jarri baita 2030erako energiaren erdia izatea berriztagarria. Eolikoari dagokionez, Nafarroako hainbat parke beren iraupenaren mugara iristear dira, eta parke horien potentzia gehitzeko neurriak erraztuko dira. Sektore fotovoltaikoan, eraikin berrietan derrigorrezkoa izango da plakak jartzea, eta bestelako eraikinetan, tamainaren arabera, 2030erako edo 2040rako. Lehen sektoreko etxaldeei %15 gutxienez autokontsumo bidez izatera behartuko die.
Hirigintzan, proposatzen da etxebizitzek 2023rako kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izatea, eta horretarako diru laguntzak banatuko dira. 2030erako, C-tik gorako kalifikazioa izan beharko dute eraikinek. Sektoreek karbono lorratzaren planak egin beharko dituzte, eta emisioak murrizteko neurriak hartu. Lege proiektuak jasotzen du administrazio publikoak eredugarri izan beharko duela prozesu horretan, eta bertan azpimarra berezia jartzeko neurriak proposatzen dira.
Mugikortasunari dagokionez, 2050era garraio publikoko ibilgailu guztiak elektrikoak izango dira, eta udalak mugikortasun planak egitera behartuko dira. Bi urteren buruan, mila biztanleko karga elektrikorako gune bat izatera bultzatuko zaie udalei. 2025erako, aparkalekuetan berrogei tokitik bat elektrikoa izatera bultzatuko da.
«»