2032 kolektiboak hamar proposamen egin ditu Baionako bestak jasangarriago egiteko

Baionako Herriko Etxeari joan den ostiralean helarazi zizkioten proposamenak. 75 proposamen idatzi dituzte, eta 2024an egingarri ikusten dituztenak nabarmendu dituzte.

(ID_13401449) (Guillaume Fauveau) 2032 Kolektiboaren prentsaurrekoa, Baiona, 2023ko abenduaren 4an
2032 kolektiboko kideak, goizeko prentsaurrekoan, Zizpa gaztetxean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2023ko abenduaren 4a
13:47
Entzun

2032 kolektiboak hamar proposamen aurkeztu zizkion herriko etxeari joan den ostiralean, eta, gaur goizean, prentsaurrekoa egin dute horiek publiko egiteko. Izan ere, 2023ko Baionako besten harira, lau bortxaketa salatu ziren, eta gizon bat hil egin zen, jipoi bat hartu ondotik. «Besten bilan latzegi» horren aitzinean, 2032 kolektiboa sortu zen, hemendik 2032ra bitarte —hots, Baionako besten 100. urteurrena ospatu arte— bestak jasangarri bilakatzeko helburuz.

Hauek izan dira proposamenak: besten aplikazio bat sortzea; eragileen arteko koordinazio bat plantatzea; gazteria inplikatzea besten antolakuntzan eta jarraipenean; musika biziaren garatzea; pixa egite «basatien» aurka borrokatzea; zaborren bilketa hobetzea; komunikazio estrategia bideratzea; bortizkeria ororen kontrako protokoloa finkatzea; eta feria besta lekuz aldatzea. Herriko etxearen aldetik erantzun baikorrak izan dituztela azaldu dute, nahiz eta proposamenak ez diren oraindik onartuak izan.

Zizpa gaztetxeko eta besta alternatiboetako kide Lukas Hiriartek hartu du hitza, peñen batzordeko lehendakari eta Les Bascos elkarteko lehendakari Michaella Clapissonekin batean. «Kolektiboko kideok oso ezberdinak gara, eta helburu oso ezberdinak ditugu. Alta, elkarrekin batera proiektuak eraikitzeko borondatea dugu, eta mobilizatzeko ardatz bateratuak aurkitzeko gai garela frogatu dugu». Guztira, 75 proposamen idatzi dituzte, eta horietako hamar aukeratu dituzte 2024ko bestei begira.

2024rako hamar proposamen

  1. Besten aplikazio bat sortu, komunikatzeko, abisuak transmititzeko, prebentziorako eta jendea bideratzeko.

  2. Besten perimetroan ostalari, jatetxe jabe, peña eta eragileen arteko koordinazio bat sortu, kalea lasaitzeko helburuarekin.

  3. Gazteriaren inplikazioa handitu besten antolakuntzan eta jarraipenean.

  4. Ostegunean 15:00ak arte kaleko sonorizazio musika gelditzea proposatu, eta ahal bezain ongi musika biziaz konpentsatu, eremu publikoan banatuz.

  5. Pixa egite «basatien» kontra borrokatu.

  6. Zaborren bilketa hobetu.

  7. Komunikazio estrategia prebentzioaren eta jarrera arduratsuen arloetara bideratu eta indartu.

  8. Bortizkeria sexista, LGTBfobo eta diskriminatzaileen kontra borrokatu, protokolo argi baten bitartez.

  9. Feria besta lekuz aldatu.

  10. Musika bizia garatu eta baloratu.

Eragileen arteko koordinazioari buruz, Sebastien Ager ostalariak zera azaldu du: «Ideia da karrika bakoitzak erreferente bat izatea, eta denak harremanetan izatea. Zerbait gertatzen denean, denak ber momentuan jakinean izanen dira, eta momentu horretan koordinazioa sortuko dute larrialdi zerbitzuen bidea segurtatzeko, adibidez. Zuzenean lan egin beharrezkoa den zerbitzuarekin». Gazteriaren inplikazioari dagokionez, lau eserleku aurreikusi dituzte besten batzordean; hor ere, herriko etxearen baiezkoaren zain. Agerren ustez, 16-25 urte arteko gazteak geroz eta gehiago dira besten publikoaren parte, baina oso errepresentazio gutxi dute horien antolaketan eta jarraipenean.

Irailaren 25ean, jadanik, eskaera bat abiarazi zuten, Baionako Herriko Etxeari galdegiteko «herritarren galdeketa bat ahal bezain eperik laburrenean» antolatzea. «Bestak modu sakonean birpentsatzeko tenorea» eta «2024an bertan neurri eta dispositibo ausartak» plantan ezartzeko garaia iritsia zela idatzi zuten. Euskararen lekua eta jendetza handiegia ere aipatu zituzten, adibidez; egun aurkeztu proposamenetan, ordea, ez dira agertzen.

2032 kolektiboa BTMOE Baiona Ttipiko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak, Aski elkarteak, Carre des Reesidents elkarteak, Baiona Bandak, Zizpa gaztetxeak (besta alternatiboak), Kasu kolektiboak, Leon erregearen gaiteroek, Baionako Peñen Batasunak, GABk, Baionako komisio estramunizipaleko kideak, PAFak, Baionako UMIH ostatuen nagusien sindikatuak, hotelek, jatetxeek eta diskotekek osatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.