Osasuna. Espainiako Gobernuaren murrizketak

21.500 etorkin, babesik gabe

Espainiako Gobernuak osasun zerbitzurik gabe utziko ditu paperik ez duten etorkinak: larrialdietara soilik jo ahalko dute gaixotzeanNeurriarekin diru gutxi aurreztuko dela uste dute eragileek; egoera larriaz ohartarazi dute

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Murrizketen eta erreformen altzoan, osasunerako eskubidea mugatu du Espainiako Gobernuak: paperik ez daukaten etorkinei ez diete zerbitzurik emango abuztuaren 31tik aurrera; kendu egingo diete osasun txartela. Hego Euskal Herrian 21.500 pertsona inguru geratuko dira babesik gabe, Ikuspegik eta Immigrazioaren Nafarroako Behatokiak jakinarazitako datuen arabera. Horiei gehitu beharra dago lehen ere osasun txartelik ez dutenen kopurua, haiek orain ere ez baitaukate zerbitzurik; ez dakite zenbat diren, ezkutuan baitaude. Osasun zerbitzua kentzeak sortuko duen kalteaz ohartarazi dute eragileek, etorkinek ez ezik gainerakoek ere pairatuko dutelakoan.

Hiru aste eskasean erreforma handiak iragarri eta onartu ditu Espainiako Gobernuak osasunaren alorrean. Helburu bakarrarekin onartu ere: 7.000 milioi euro gutxiago erabiltzea zerbitzuetara. Erretiratuek eta pentsiodunek aurrerantzean botikak ordaindu behar izateak sortu zuen zalaparta handiena: sendagaiaren balioaren %10 pagatu beharko dute —gaur egun ez dute ezer ordaintzen—, eta gainerakoek, erdia —orain, %40—; laguntzarik ez duten langabeek ez dute botikak pagatu beharrik izango.

Aurrez iragarri gabeko erabaki bat ere hartu du, ordea, Madrilek: osasun txartela kenduko die erroldan ageri bai baina paperik ez daukatenei. Aurreiritzi bat bere egin du gobernuak: zergak ordaindu ez, eta osasun zerbitzuak maiz erabiltzen dituztela atzerritarrek.

Neurri horrekin osasun turismoa esaten diotena saihestuko dutela nabarmendu du PPren gobernuak; alegia, kanpotarrak ez direla osasun zerbitzuak jasotzeagatik joango Espainiara eta Hegoaldera. «Europa klasikoko herritarrek egiten dute osasun turismoa, eta hemen ez dago horrelako immigraziorik; europarrak etortzen dira, baina ekialdekoak». Immigrazioaren Nafarroako Behatokiko kide Antidio Martinez de Lizarrondok egin du azterketa. Antzera hitz egin du Gorka Morenok ere, Ikuspegiko zuzendariak: «Etorkinen artean bi talde bereiziko nituzke: gazteak, lanera datozenak, eta adinekoak, batez ere europarrak, bizitzera datozenak. Gazteak etortzen dira gurera».

Gehiagori eragiteko arriskua

Gazteak izango dira zerbitzutik at geratuko direnak. «Iritsi berriek ez dute egoitza baimenik; oro har, hiru urte pasatu ondoren lortzen dira, gizartean errotuta daudela frogatuz gero», azaldu du Morenok. Osasun txartela jasotzeko, hiru hilabetean erroldan egotea eskatzen dute. «Egia da azken boladan gero eta zailtasun gehiago jartzen ari zirela txartela lortzeko, baina eskubidea hor zegoen. Eskubide hori kendu dute orain», salatu du SOS Arrazakeriako eledun Mikel Mazkiaranek.

Txartela zenbati kenduko dieten jakitea zaila da, baina 21.500 inguru izango dira Hegoaldean, erakundeen datuek eta inkestek diotenez. Ordea, litekeena da gehiago izatea. Moreno: «Langabezia saria galdu ostean gera daitezke baimenik gabe. Ez dira asko izan, baina egoera txarrean geratzen dira».

Egoera horretaz ohartarazi du Caritasek, sortuko duen kalteaz. Ramon Ibeas, Arabako arduraduna: «Zein etorkini buruz ari gara hizketan? Behartsuak geratuko dira zerbitzutik kanpo». Eta hori guztiek pairatu beharko dute, haren iritziz. «Gaixotzen jarraituko dute etorkinek. Eritasun kutsakorrak ere harrapa ditzakete. Zer gertatuko da tuberkulosia badute? Etorkinei zerbitzua kenduta, gizarte osoak galduko du».

Adinekoak, apenas

Diru gutxi aurreztuko dute neurriarekin, eta kaltea handia izango da. Hori uste du SOS Arrazakeriako ordezkariak: «Ez dira hainbeste etorkin irregularrak, azken urteetan jaitsi egin baita kopurua. Gastuan aurreztuko dutena baino handiagoa da izango duen eragina». Hori uste du Ikuspegiko arduradunak ere: «Neurri bera orain sei-zazpi urte hartu bazuten, etorkinen erdiei baino gehiagori eragingo zien; orain, %12 ingururi eragingo die. Eta gazteak dira ia denak». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, paperik ez dutenen %0,008k dituzte 65 urte baino gehiago. «Neurriarekin ez da asko aurreztuko», azaldu du Morenok.

Osasun aldetik ez dute aparteko arazorik izaten immigranteek. «Gazteak dira gehienak, osasuntsuak. Behin soilik etortzen zaizkigu kontsultara normalean, eta, beharren bat dutenean, pare bat bider». Txartelik ez duten etorkinei zerbitzua ematen ari da azken hamabi urteetan Munduko Medikuak elkartea. Teresa Maura zuzendariak ez du itxaropena galdu erietxeetan segituko dutela etorkinei kasu egiten: «Beharra duena ezin da utzi artatu gabe. Saiatuko gara gauzak hain gogorrak ezdaitezen izan». Iaz, 600 lagunek jo zuten elkarteko kontsultara.

Bi bide geratuko zaizkie txartelik gabeko etorkinei: larrialdietara jotzea edo gobernuz kanpoko elkarteetara joatea laguntza eske. Larrialdietan lehen ere pilaketak sortzen dira, eta areagotu egin daitezke. «Larrialdietara joatera kondenatuta egongo dira, eta badakigu nola dagoen egoera han», ohartarazi du Morenok. Immigranteak ikusiko ditu jendeak erietxera joandakoan, eta berriro itzuliko dira iritzi aurkakoak, atzerritarrek kolapsatu egiten dituztela larrialdiak. Mazkiaran: «Barneratuta dauden iritzi ezkorrak areagotu egingo lirateke».

Beldurrez daude immigranteak, SOS Arrazakeriako kidearen arabera: «Kezkatuta dago jendea, batez ere tratamenduren bat behar dutenak. Dialisia egiten dutenak, adibidez, galdezka etorri zaizkigu, jarraitu ahalko ote duten. Lasaitasuna eskatzen ari gara». Ez dute argitu zer gertatuko den horrelako kasuetan. Hala ere, hau da arau orokorra: paperik ez dutenek soilik larrialdietara jo ahalko dute, adingabeek eta erditzera doazen andreek izan ezik. Osasunaren ikuspegitik ez ezik, neurri okerra da diruaren aldetik erreparatuta ere. Hala irizten dio Munduko Medikuak elkarteko buruak: «Larrialdietan artatzea garestiagoa da, eta gaixoak okerrago egoten dira. Erakundeek badakite hobea eta merkeagoa dela lehen arretan kasu egitea».

Eskubideak, karitatearen esku

Mozketetan gertatzen dena osasunarekin ere gertatuko dela uste dute eragileek: «Elkarte sozialek sartu beharko dute tartean, zerbitzuak emateko. Osasunari buruz ari gara hizketan, eskubide bati buruz», dio Mazkiaranek. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zer egingo dago, nolanahi ere.

Zer gertatzen den ikusi nahi du Maurak ere, baina aurreratu du beharra balego prest leudekeela zerbitzua zabaltzeko. «Boluntarioen bidez funtzionatzen dugu, eta deia egingo genuke egoerak eskatuko balu». Bidea ez da hori, ordea. «Osasuna giza eskubide bat da, eta administrazioaren gaia izan behar du». Antzera uste du Caritaseko ordezkariak ere: «Eskaintzen ditugu larrialdiko zerbitzu batzuk. Araban, osasun publikoan ez daudenak eskaintzen ditugu; dentista, kasu. Baina ezin ditugu osasun zerbitzu guztiak denentzat eskaini, ezta pentsatu ere. Estatuak ditu betebeharrak».

Karitatearen esku geratzen ari dira pobreenen eskubideak? «Bai, baina karitatea ulertzen da ongintza gisa; daukatenek dirua ematen dute, ez daukatenek iraun dezaten. Baina eskubideei buruz ari gara hizketan», salatu du Ibeasek.

Osasunean gutxiago gastatzeko araua kaleratu du dagoeneko Madrilek. Etorkinei sarbidea kentzea jarri dute aurrezteko bideetako bat. Moreno: «Erabakiaren muina bada dirua aurreztea, ez dute asko lortuko; baldin bada hemengoak lasaitzea eta eragin mediatikoa izatea, jada lortu dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.