Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Portuaren inguruan gertatu da erasoa, 06:30 aldera. Ertzaintzaren patruila batek gizona eta emakume bat ikusi ditu, eta biak identifikatu. Biekin mintzatu eta gero, gizona atxilotu dute, sexu erasoa egitea leporatuta. Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloari jarraituta, andrea ospitalera eraman dute.
Donostiako Udalak erasoa gaitzetsi du, eta bihar eguerdian minutu bateko isilunea eginen duela jakinarazi. Herritarrei parte hartzera dei egin diete. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere erasoa gaitzetsi du, eta biktimari babesa helarazi dio. «Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen», dio erakundeak zabaldutako oharrak. Udalak eginen duen elkarretaratzearekin bat egin dute.