"Prest gaude herri harresi sendo bat eraikitzeko, baina orain aurrefase batean gaude. Gure erronka da egoera horretara iritsi behar ez izatea, eta epaiketa politikoak eten daitezela". Manifestazioa hasi aurretik, Maider Caminos Iruñerriko Herri Harresiko kideak mezu hori zabaldu die komunikabideei.
Manifestazioa Antoniutti parketik abiatu da 17:30ean. Aurretik laranjaz jantzitako bi giza kate zihoazen. Giza kateok pankarta modura jokatu dute, eta bertan '28ak libre' zein 'STOP epaiketa politikoei' irakur zitekeen. Jende andana bildu da eta ibilbideak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago elkartzen joan da, 2.000tik gorako mobilizazio jendetsua betetzeraino. Manifestarien artean, aurpegi ezagun batzuk ikusi ahal izan dira, Fermin Muguruza esaterako.
Giro berezia eman diote manifestazioari antolatzaileek, Manifestazioaren buruan zihoan kamioi bat, eta bertako esataria arduratu da giro alaia eta musika jartzeaz. Lehen geldialdia Parlamentura iristean egin dute. Bertan, auziperatuen senideek hartu dute hitza. Eneko Villegas auziperatuaren amak, Isabel Amezketak, polizia batzuei zuzendu die bere mezua. "Akusatzen zaituztegu torturengatik, gure seme-alabei pasarazi dizkiezuen amesgaiztozko egunengatik. Ez dezazuela berriro halakorik egin, utz gaitzazue bakean".
Gero, beste auziperatu baten aitak hartu du hitza eta UPNko, PSNko eta PPko politikariei zuzendu zaie, "beste aldera" begiratzen dutelako auzi politikoen aurrean. "Parlamentuko ateak ixten dizkiguzue, eta zuen miseriak estaltzen ahalegintzen zarete gero. Miseria legalak direla diozue, baina miseria izaten jarraitzen dute. Demokratatzat dituzue zuen buruak, baina benetako demokratak kalean gaude pentsatze hutsagatik inor espetxera joan behar ez izatea eskatzen".
Manifestazioak aurrera egin du, eta Merindades plazan amaitu da. Bertan herri harresi sinboliko bat irudikatu dute. Biribilgunea jendez bete da. Eneko Villegas auziperatuak hartu du hitza eta nabarmendu du Auzitegi Nazionaleko epaiketa "nahiko gogorra" dela eurentzat. "Aurrera egiteko gogoa dugu eta honek indarra ematen digu aurrera jotzeko". Villegasek zirkutzat jo du epaiketa eta dei egin die herritarrei horrelako egoerekin amaitzeko: "Denok elkartuta lortuko dugu aintzinako historia izatea".
Afari erraldoia abenduaren 26an
Epaiketaren kostuei aurre egiteko, diru bilketan izan dira manifestazioan. Gainera, antolatzaileek iragarri dute abenduaren 26an mila pertsonako afari erraldoia egiteko asmoa dutela Atarrabian, eta epaiketa politikoen kontrako zozketa egingo dute. Aurreratu dutenez, familia bakoitzeko epaiketaren kostua 4.000 eurokoa da, eta horri aurre egiteko dirua behar dute.
Maider Caminosek aurreratu duenez, gaurko manifestazioak "pizgarria" izan nahi du, herri harresien dinamikari indar emateko. Gogora ekarri dute, 28 auziperatuez gain, beste hainbat pertsona direla epaiketen zain. Nafarroan, kasurako, 41 pertsona daude auzi politikoetan sartuta. PPk eta Auzitegi Nazionalak dinamika horrekin aurrera egiteko borondatea adierazi dutenez, Caminosek dei egin die herritarrei aktibatzeko eta antolatzeko.