Barthelemy Agerre Lukuzeko auzapeza da, eta denbora berean Kontseilu Nagusiko hautetsia. 2x2 errepidearen xedea bultzatzen du, Nafarroa Beherearen eta Nafarroa Garaiaren arteko loturak sendotu eta ekonomi garapena ekarriko duelakoan.
Zergatik bozkatu duzu 2x2 errepiderako ikerketaren alde?
Iruñea eta Ipar Euskal Herriko barnealdea lotuko dituen errepidea nahi dut. Arrazoia begi bistakoa da. Harreman azkarragoak eraiki behar ditugu Iruñearekin. Horretarako, beharrezkoa da errepide izena eta izana ukanen duen xedea. Ibañetako pasabidea biziki txarra da. Xede berriarekin, Iruñetik oren erdira geundeke, eta hori interes nagusia da Europa mailan kokatzeko.
Zergatik Arnegitik?
Duela lau urte ikerketa bat aurkeztu ziguten. Bertan, 20 egitasmo biltzen ziren, eta guk bat hautatu genuen. Baigorriko ibarra, Dantzaria, Iholdi, HazparneÉ hainbat aukera zeuden, baina guk Arnegikoa atxiki genuen. Horretan oinarriturik, 933 errepidea 2x2 bidea bilakarazteko ikerketak abiatu ditugu. Aztertzen ari garen atala Arnegi-Salisekoa da, Donibane Garazi eta Donapaleun gaindi iraganez. Arrazoia sinplea da, hoberena delako.
Erran daiteke xedea laster batean bete nahi duzuela?
Funtsean, horrelako xedea egiteko denbora anitz behar da, menturaz 10 urte. Eta ondoko belaunaldientzako gelditzen da. Badakigu hau dela segurtasun handiena eskaintzen duen xedea, hoberena. Bistan da teknika, ingurumen eta ekonomia alorretan dituen eraginak aztertuko ditugu. Ikerketak, alde horretatik, ikuspegi zehatza eskainiko digu. Orduan hunkituak direnen iritziak eskatuko ditugu, adostasunean egin behar baita xedea. Bakoitzak zer nahi duen errateko parada ukanen du, baina nik nire aldetik 2x2 motako errepidea nahi dut.
Halabeharrez eginen da?
Deus ez da aitzinetik erabakia. Jendeek ez badute xedea onartzen, gartsuki kontra agertzen baldin badira, guk ez dugu deus eginen. Ez gara fanatikoak. Gauza bakarra eskatzen diot Nafarroa Garaiko gobernuari: Arnegira arteko errepidea egin dezan, behar diren tunelak zulatuz.
Eta Nafarroa Garaiak autobidea egitea hobesten badu?
Haiek Iruñetik Arnegira autobidea egitea erabakitzen badute, haien afera da, baina guk 2x2koa eginen dugu. Anitzetan elkartzen gara Nafarroako Gobernuko buruekin. Haiek ere loturak eraiki nahi dituzte bazterturik dauden ibarrekin. Baina argi erran dezadan: xedea hor mugatze da, ez dago Europa mailako egitasmo gorderik horren gibelean.
Protestei muzin eginen diezue?
Arazoa bertzelakoa da. Xedea interes politikoen jokora lerratzen ari da, eta ildo horretan guztia haizu dela dirudi. Europako autobidea eginen dugula diote, baina hori ez da egia. Eta hori errateko begi bistako arrazoia dago. 933 errepidea departamentuko sarean dago sailkaturik. Guk 2x2koa eginen ez bagenu, orduan bertze arrisku bat legoke zinez; adibidez, Estatuak errepide nazionala egiteko deliberoa hartzea. Pirinioak zeharkatzeko bideak behar dira, eta gure xedea egin ezean, menturaz Europa mailako azpiegitura egiteko proposamena sortuko da. Bigarren arrazoi bat ere badago. Frantziako Errepideetako Ministerioak ez du aurrekonturik osatu autobidea egiteko Arnegitik. Laburbilduz, 2x2 errepidea da autobiderik ez egiteko bermerik hoberena. Manifestazioetan eta protestaka ari diren gehienak oker dabiltza. Joko politikoaren interesen arabera erabiltzen dituzte.
Orduan, ez da kamioientzako pasabidea izanen?
Arnegitik egunero 7.000 kamioi pasatuko liratekeela diote kontrakoek. Astakeria galanta. Horiek Biriatutik pasatzen dira, eta han 2x3ko bidea daukate. Ez da horrelakorik gertatuko hemen. Dezentralizazioaren legearen ondorioz, gainera, departamentuko errepideetan bidesariak ezartzeko eskumena daukagu. Pentsa genezake, adibidez, kamioien pasabidea murrizteko, haiei bidesaria ordainaraztea, autoen pasabidea librea izanen delarik denbora berean.
«2x2 errepidea da autobiderik ez egiteko bermerik hoberena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu