Buruan kolpe handiak hartuta hil zen 3 urteko ume bat Barakaldoko Retuerto auzoan, Bizkaian. Umearen ama lanean ari zela gertatu zen. Aitaordeak, Victor Manuel D. S.-k, zaintzen zuen umea tarte horietan. 2013ko urriaren 3 hartan ere, umea Gurutzetako eskolan hartu, erosketa batzuk egin, eta etxera eraman zuen gizonak. Bikotekideari esan zion umea eskaileretan erori zela, eta horrela hartu zituela kolpeak buruan.
Ikusi gehiago
Baina autopsia egin zioten umearen gorpuari, eta forentseek argi ikusi zuten umea ez zela berez hil, buruan bi kolpe handi eman zizkiotela, eta lepoan hatz-markak ere bazituela. Aitaordeari hilketa leporatu zioten. Baina gizonak bikotekideari ukatzen jarraitu zuen. Bost hilabete zeramatzaten elkarrekin bizitzen.
Emakumeak, epaiketan, azaldu zuen hasieran sinistu egin ziola gizonari, baina gero zalantzan jartzen hasi zela. Harremana okertzen joan zen, eta 2010ean, umea hil eta urtebete geroago, gizonaren aurka salaketa bat jarri zuen andreak, mehatxatu egin zuelako. Urruntze agindu bat ezarri zioten, orduan, Victor Manuel D.S.-ri. Andrea, bestalde, gizon horren haur baten esperoan zegoen 3 urteko umea hil ziotenean.
Epaiketa 2015eko urtarrilean egin behar zuten, hilketa gertatu eta urte eta hiru hilabetera. Baina gizonak ihes egin zuen, ez zen ahozko saiora azaldu, eta atzeratu egin behar izan zuten. Bilatu eta atxilotzeko agindu bat eman zuen epaileak, eta handik lau hilabetera atzeman zuten gizona, Frantzian. Espainiarra zen sortzez, eta 31 urte zituen alabaordea hil zuenean.
Epaiketa, azkenean, 2015eko irail bukaeran egin zuten. Gizonak gertaeren bertsioa aldatu zuen orduan. Esan zuen etxeko sarrerako ataria tanpez ireki eta umea kolpatu zuela nahi gabe. Ez zioten aintzat hartu. Perituek-eta ondorioztatu zuten umea eskuekin hartu eta pasilloko hormaren kontra kolpatu zuela gutxienez bi alditan, eta kolpe horietan egindako zaurien eraginez hil zela umea. Epaileak hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion.