30 urterako hipoteka maileguak 97 euro garestitu dira apirilean

Igoera etengabean, hemeretzigarren aldiz egin du gora Euriborrak, eta 4,253ra heldu da jada

joxerra senar
2007ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Adituek zioten behin %4ra iritsita interes aldakorreko hipoteka maileguak kalkulatzeko erreferentzia moduan hartzen den Euribor indizea neurrian igoko zela. Haatik, iragan hilean iragarpen horiei muzin egin eta etengabeko igoera horretan jauzi bat gehiago egin du. Hamabi hilabeterako Euriborra %4,04an zegoen martxoan; apirilean, batez besteko tasa %4,253ra iritsi da, eta beste behin, gelditzeko asmorik ez duela erakutsi du. Izan ere, gora egiten duen hemeretzigarren hilabetea izan da apirila.

Albiste txarra da, inondik ere, orain finantza erakundeetan hipoteka mailegua berritu behar dutenei hileroko kuota nabarmen gigoko zaielako. Igoera (handiagoa zein apalagoa) amortizazio epearen araberakoa da. Adibidez, 10 urterako hipoteka duenari %5 baino ez zaio garestituko kuota; aldiz, 50 urterako hipoteka duenari, %18,9 igoko zaio hilero ordaindu behar duen kuota. 30 urterako bati, berriz, %13.

Hogei urterako 160.000 euroko hipoteka duenari, esate baterako,hilean 88 euro eta urtean 1.056 euro igoko zaio kuota; 30 urterako duenari, 97 euro hilean, 1.164 urtean; eta 50 urterako duenari, berriz, 111 hilean, eta 1.152 urtean -ikus alboko taula-. Kontuan hartu behar da uneotan nola banketxeek hala aurrezki kutxek Hego Euskal Herrian batez beste hipoteka bakoitzeko 160.000 euro mailegatzen dituztela. INE Espainiako estatistika erakundearen arabera, otsailean batez besteko finantzaketa 161.912 eurokoa izan zen.

Euriborra igo eta igo ari da, EBZ Europako Banku Zentralak finantza munduari interes tasak igotzen jarraituko duen mezua igortzen diolako. Sektoreak barneratua du finantza erakundeak aurten tasa orokorrak %4 eta %4,25 artean igoko dituela , eta, hortaz, aurreikuspen hori Euribor indizean islatzen da. Neurri horrekin EBZk batez ere inflazioa kontrolpean eduki nahi du.

Dena den, adituek diote, urtea amaitu bitartean %4,2 eta %4,2 artean ibiliko dela Euriborra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.