Gernikako Akordioa. Sinatzaile berriak

300 babesle gehiagorekin, akordioa betetzera joko du Gernikako Itunak

Amaitutzat eman dute sozializazio fasea, Atano III.a frontoian sinatzaile berriei ongietorria emateko egindako ekitaldianProzesuari trabak jartzea egotzi diote sinatzaileek Espainiako Gobernuari

Bikila, atzo, akordioa sinatzen. G. GARAIALDE / ARG.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Bakea eskuekin uki daiteke eta normalizazioa gizarteak gero eta gehiago partekatzen duen helburua da». Hala uste dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek, eta hori, azken urteetan euskal politikagintzak «aldaketa nabarmena» egin duelako dela. Bake bidean aterabide demokratikoa lortzea helburu duen Gernikako Akordioak amaitutzat eman du sozializazio fasea, 300 eragile gehiagoren babesarekin. Orain, itunean adostutako puntuak betetzeari ekingo diote sinatzaileek: «Euskal gizartearen eskakizun argi eta ukaezinak direlako».

Sinatzaileei ongietorria emateko ekitaldia egin zuten atzo Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Sinatzaile guztien ordezkaritza zabala izan zen ekitaldian, eta nabarmentzekoa izan zen politikarien presentzia. Ezker abertzale ko kide ugari izan ziren: Jone Goirizelaia, Rufi Etxeberria, Joseba Alvarez,Niko Moreno, Marian Beitialarrangoitia eta Tasio Erkizia, besteak beste. EAtik, Pello Urizar, Ikerne Badiola eta Jesus Mari Larrazabal, Aralarretik Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera, Alternatibatik Oskar Matute eta Amaia Agirresarobe.

Bi ordu inguruko ekitaldian Gernikako Akordioan sinadura jarri zuten eragile horietako 23k —beste sinatzaileak herrietako taldeak dira, batik bat—. Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak izan zuten zeregin horretan laguntzaile eta begirale. Bi bider jaiki behar izan zuten sinatzera eragile berriek, izan ere, edukiz ere berritua aurkeztu zuten atzo, irailaren 25ean sinatu zuten ituna. Euskararen inguruko puntu bat batu zioten Gernikako Akordioari, euskarak «behar duen estatus juridikoa» eskatzeko.

Puntu hori sinatzera, sinatzaile berriak ez ezik, aurrekoak ere altxatu ziren. Txaloka hartu zituzten publikokoek guztiak, baina bereziki indartsuak izan ziren gazte independentisten, Etxerat-en, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren, ezker abertzalearen eta EAren ordezkariek jasotakoak. Sinadura guztiak jasota, ituna Gernikako herrian gordetzeko eginkizunarekin joan zen Gorroño agertokitik.

Hazi egin da akordioa, eta sozializatze fasea amaitutzat eman duten arren, gehiago hazteko bokazioa ere mantentzen dute, ekitaldian behin eta berriz, eta formatu desberdinetan adierazi zuten gisan, elkarlana baita, beraien ustez, lortu nahi duten helburua lortzeko aurrera egiteko giltza.

Bakerako konpromisoa

Akordioaren sinatzaileek argi dute zein den beraien egitekoa, eta argi adierazi dute horretarako konpromisoa, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez irakurritako testuan: «Konpromisoa hartzen dugu behin betiko bakera iristeko euskal gizarteak duen nahiari erantzungo dion egoera ekarriko duen elkarrizketan oinarritutako irtenbidearen alde lan egiteko».

Helburu horretara bidean urratsak egiten ari direla azpimarratu zuen Iñaki Lazarobaster EHNEko kideak, euskaraz irakurri zuen testuan. Pausu baikortzat jo zuen ETAren su-etena, «bermedun» prozesu demokratikorako «beharrezko». Baina, akordioa osorik bete dadin, beste urrats batzuk ere beharrezkoak direla ekarri zuen gogora. Hala, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu zuen: «Euskal Herriko eszenatoki berriari uko eginez, atzera bueltarik ez duen egoera bati oztopoak jartzea beste helbururik ez du». Hor kokatu zituen atxiloketak, euroagindu eskaerak, eta torturak. Baina prozesua geldiarazterik ez duela lortuko ohartarazi zion, sinatzaile guztien izenean, Espainiako Gobernuari, nahiz eta «inolako laguntzarik» ez duen ematen «politika indarkeriarik gabeko egoera batetara» eramaten.

Sinatzaileek argi dute gizartea dela «egoera berriari zilegitasuna ematen diona». Horregatik, kontuan hartzeko modukoa iruditzen zaie milaka pertsona mobilizatu izana presoen eskubideen defentsan, etaaukera politiko guztien legalizazioa aldarrikatuz. Ez zen hori izan atzoko ekitaldian presoei egindako keinu bakarra. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, BERRIA-ren atzoko alean argitaratutako eskutitza eskertu zuten sinatzaileek. EPPK-k akordioko sinatzaileekin biltzeko borondatea berretsi zuen gutunean.Presoen eskubide guztiak errespetatzeko eskatu zuten atzo, eta haiei zein haien senitarteko eta lagunei «eragiten dien» kartzela politika baztertzea galdegin zuten.

Hitzez eta sinaduraz betetako ekitaldia izan zen, batik bat, atzokoa, bertsolari eta dantzarien parte hartzearekin. Aitor Mendiluze, Uxue Alberdi eta Julio Soto izan ziren kantuan. Honela amaitu zuen Mendiluzek azken bertsoa: «Bide luzea daukagu baina jadanik martxan gaude gu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.