ZUTIK, Sasoia, Memoriaren Bidean, Lau Haizetara, Kontseilua, Komite Internazionalistak, Ezker Gogoa, Eusko Sozial, Euskal Komunistak, Esait, Emakume Internazionalistak, EGHAM, Bizigai, Askapena, Arabako Emakumeen Asanblada, Anitzak, Andere Bidatz, Anaiartea eta Ahaztuak. Gernikako Akordioaren sozializatze fasean, eragile horiek bat egin dute gaur, Donostiako Atano III pilotalekuan, akordioarekin. Guztira, 300 herri eragilek sinatu dute akordioa. Duela bost hilabete akordioa sinatu zuten eragileen ordezkariak izan dira ekitaldian.
Nazioartetik ere babesa jaso du akordioak, European Free Allianceko (EFA) presidente Eric Defoort ekitaldian izan baita. "Iraganeko indarkeria egoerak kutsatu egiten zuen autodeterminazio aldarrikapena. Orain, ordea, zoriontsu naiz, euskal nazioaren indarrek indarkeriarekin amaitu dutelako", esan du Defoortek. Testuinguru honetan, Madrilek "estrategia errepresiboa atzean uztea" beharrezkoa dela adierazi du: "Hori gertatzen bada, Europako azken gatazka armatuaren amaiera ikusteko aukera dugu".
Defoorten arabera, indarkeria baztertzea txalotua izan da Eskozian, Katalunian eta beste nazio batzuetan. "EFAtik diogu zuen betebeharra dela bide horretatik jarraitzea", gaineratu du. "Ezker abertzaleak lortu du, eztabaida askoren ondoren, indarkeria atzean utzi eta Sortu eratzea". Madrili ere erantzun "etiko, politiko eta demokratikoa" eskatu dio. AFEko presidente gisa, Gernikako Akordioa "erabat" babesten duela ziurtatu du. Bilbon legeztatzearen alde batu ziren euskal herritarrekin bat egiten duela ere esan du. "Lema hura, Bakerantz, legalizazioa, gure egin behar dugu Europako demokratok".
Paul Bilbaok euskararen aferari ere heldu behar zaiola esan du
Friendship eta Flandriako Aliantza Berriaren izenean, Frieda Brepoels izan da Atano pilotalekuan. "Interes handiarekin jarraitu ditugu Euskal Herriko azken aurrerapenak, eta zuen batasuna txalotzen dugu. Nire babesa eta elkartasuna adierazten dizuet", esan du Brepoelsek. Ondoren Kontseiluko presidente Paul Bilbaok hartu du hitza. Euskal Herria aterabide demokratikoetara eramateko, euskararen aferari ere heldu behar zaiola esan du: "Euskal hiztunak duintasunez bizi behar du bere herrian, hori, oinarrizko eskubidea delako. Gure herrian normalizaziora iristeko, gure hizkuntzak behar duen estatus juridikoa eskatzen dugu".