euskal presoak

300 preso inguru dira berehalako askatasuna eskatuko luketenak

Etxerat elkarteak dioenez, gaixotasun larriak dituzten presoak zazpi dira, "bizi arteko" espetxe zigorra dutenak 71 eta "baldintzapeko askatasunean" egon beharko luketenak 200 pasa. EPPK-k igandean iragarri zuen presoen ekimena eta, haren ustez, Espainiak eta Frantziak "berehala eta inongo baldintzarik gabe" askatu beharko lituzkete.

enekoitz esnaola
2011ko azaroaren 15a
09:27
Entzun

Gaixotasun larriak dituzten euskal presoek, "baldintzapeko askatasunean" egon beharko luketenek eta "bizi arteko" espetxe zigorra dutenek berehalako askatasun eskaera egingo dutela zioen igandean EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere agirian, baina zenbat dira preso horiek? BERRIA.INFOk Etxerat elkartearekin egindako kontsultaren arabera, 300 inguru. Eta aurtengo irailaren 19an 688 preso zeuden EPPK-n, Etxeraten azken zenbaketak zioenez.

- Gaixotasun larriak dituzten presoak: 7. Aipatutako 300 inguru horietatik zazpi dira larri gaixorik dauden presoak. Horietako bat oso dago larri: Txus Martin. Etxeratek eta beste elkarte batzuek hura segituan aske uzteko dei egina dute. Besteen kasuan, gutxienik Euskal Herriko kartzeletara ekartzeko eskatua dute, "osasun egoeraren jarraipen estu eta iraunkorra izateko", Jaiki Hadi elkartearen txostenak dioenez (Etxerat-en webean dago).

- "Bizi arteko" espetxe zigorra duten presoak: 71. Etxeraten arabera, "bizi arteko" kartzela zigorra duten presoak 71 dira. "Zigorra beteta zutenak eta doktrina berezia ezarri dietenak, zigorra bete gabe dutenak eta doktrina berezia ezarri dietenak, eta gaixotasunagatik-eta kalean daudenak baina doktrina hori ezarri dietenak, horiek dira 71 preso haiek", dio elkarteak. Hain zuzen, 197/2006 doktrina dutenak dira, espetxealdia luzatu dietenak. 1973ko Espainiako Zigor Kodean zenbait aldaketa egin zituen Auzitegi Gorenak, euskal presoen espetxealdiak berriro aztertu eta luzatzeko. Horren ondorioz, kartzela onura espetxe kartzela zigor bakoitzari ezartzea erabaki zuten eta zigorrak luzatu egiten dituzte —kasu batzuetan gehienezko 30 urtetik 40raino—.

- "Baldintzapeko askatasunean" egon beharko luketen presoak: 200 pasa. "Baldintzapeko askatasunean" egon beharko luketen presoen kopuru zehatzik ez dauka Etxeratek gaur egun, BERRIA.INFOri esan dionez. Azkeneko datua duela bi urtekoa du, eta orduan 150etik gora ziren. Orain 200-250 artean izango direla kalkulatzen du. Horietatik batzuek zigorraren bi herenak beteak dituzte eta, euren kasuko araudiak dioenez, kalean beharko lukete, eta beste batzuek zigorraren hiru laurdenak beteak dauzkate, eta horiek ere aske beharko lukete, euren kasuko araudia aintzat hartuz gero, Etxeraten esanetan.

Aldarrikapen "kolektiboa"

EPPK-k igandean plazaratutako agirian dioenez, Espainiako eta Frantziako estatuek preso horiek "berehala eta inongo baldintzarik gabe" askatu beharko lituzkete. EPPK-k azpimarratu du presoon aldarrikapena, azken batean, "kolektiboa" dela.

Presoen kolektiboak sakabanaketa amaitzeko ere eskatu du: "Prozesu demokratikoan urratsak egin bidean dispertsioa amaitu eta euskal preso politikooi dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.