300.000 euskal herritar pobre bizi dira, Eurostaten neurketa sistemaren arabera

Gaindegiak eman ditu datuak, eta adostasun handiagoa eskatu du pobrezia neurtzeko sistemen inguruan

Gizarte laguntzen murrizketen aurkako protesta bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hamar biztanletik bat pobrezian edo pobrezian erortzeko arriskuan dago: ia 300.000 biztanle. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak eman ditu datu horiek, Eurostatek erabiltzen duen neurgailua kontuan hartuta. 2010eko datuak dira, etaGaindegiko idazkari Imanol Esnaolak ohartarazi du azken urteetan ekonomia izaten ari den krisiaren ondorioz handitzen ari dela kopurua. «Gizarte kohesioa apurtzen ari da, bazterketa arriskua eta desberdintasun sozialak handitzen ari baitira. Hori handitzen joan ahala, zailagoa izango da justizian oinarritutako irtenbide bat lortzea».

Herritarren %10,9 zeuden 2010ean pobrezian edo pobrezia arriskuan. 2009an %9,3 ziren, ia puntu eta erdi gutxiago. Aldea, ordea, are nabarmenagoa da 2007ko datuekin alderatuz, hiru puntu baino gehiagokoa. Euskal Herriko pobrezia edo pobrezian erortzeko arrisku tasa %7,5 zen orduan. «Kontuan izan behar da, gainera, hauteskunde urteetan behera egiten dutela datuek, eta azken urteak hala izan dira».

Esnaolak ez du zalantzarik: «Etorkizunari begira egoerak okerrera egingo du». Gizarte talde eta eragile ugarik salatu dituzte oinarrizko errenta edo larrialdietako gizarte laguntzak jasotzerakoan murrizketak izan direla, eta horiek eskuratzeko baldintzak gero eta gogorragoak direla. Egoerari aurre egitekogizarte kohesioa mantentzeko eskatu du. «Argi dago krisiak ez duela lagunduko horretan. Baina, bestalde, gero eta jende gehiago jabetuko da horren beharraz. Herritarrek gero eta argiago dute egoerari herri gisa egin behar diogula aurre».

Gainera,azaldu duEuskal Herriko tasa Europako Batasunekoa baino sei puntu baxuagoa dela. Europako Batasunean %16,4 da pobrezian edo pobrezian erortzeko arriskuan daudenen kopurua. «Horrek esan nahi du gure abiapuntua hobea dela. Baina dugun erronka bera da». Europako Batasunean, Txekiar Errepublikak eta Islandiak dute tasa apalenak.

ELA sindikatua eta pobrezian daudenei laguntzen diharduenElkartzen taldea Eurostaten neurketa sistemaren aurka daude. Behin baino gehiagotan salatu dute sistema. Elkartzenek berak beste proposamen bat egin du pobrezia neurtzeko. Neurketa hori herrialdean sortutako aberastasunaren eta herritarren aberastasunaren arteko loturan oinarritzen da; azken batean, barne produktu gordina per capita. Horri erreparatuz gero, Euskal Herrian 900.000 pertsona leudeke pobreziaren mugan. Urtean 963 euro baino gutxiago irabazten dutenak, aurtengo daturako.

Gaindegiak adostasuna eskatu du neurgailuen inguruan. «Ados egon behar dugu irizpideen inguruan. Adostasun sozial eta politiko bat egon behar du. Gainontzean, ezinezkoa daproiektu bat eraikitzea».

«Neurrigabeko alarma»

Nafarroako Gobernua izan da oinarrizko errenta jasotzekobaldintzak aldatu dituen administrazioetako bat. Horren inguruan sortutako kezka «neurrigabea» izan dela adierazi zuen atzo, parlamentuan egindako agerraldian,Elena Torresek, Nafarroako Gizarte Gaietarako kontseilariak. «Baldintzak aldatu genituen egoera gainezka egiten ari zelako, eta laguntzak ez zirelako behar bezala banatzen. Orain, benetan behar dutenek jasotzen dute oinarrizko errenta. Ez duguinor kanpoan utzi». Oposizioko alderdiek, ordea, salatu dute Nafarroako Gobernuak babesik gabe utzi dituela behar handienak dituzten pertsonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.