31 eskutik

Imanol Murua Uria.
2009ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Martxoak 2

Lopezen aukera

Lehen interpretazioa, bozen biharamunean. Legez kanporatzearen tranpa dela medio, 31 eskutik du Patxi Lopezek. Bi aukera: PPren babesarekin lehendakaritza hartu eta ahal duen artean bakardade osoan gobernatu, EAJren oposizio gogorrarekin eta PPren markaje estuarekin; edo, karta onenak dituenaren indarrarekin jokatuz, EAJrekin akordioa hitzartu eta, horrela, jeltzaleen ziaboga autonomista finkatu, Ibarretxe alboratuta. Aukera horrek ez zuen, sozialisten ikuspegitik, itxura txarrik, baina hauteskunde gauean bertan hasi zen Lopez lehendakaritza hartzeko asmoa agertzen, eta Zapaterok ere ez du astirik galdu aukera horri babesa emateko. Azkar hasi da panorama argitzen: jeltzaleak oposiziora bidaltzea da lehentasuna.

Martxoak 4

Kolpea

«Kolpe instituzionala» litzateke Patxi Lopezek lehendakaritza hartzea, Urkulluren hitzetan. «Erasoa», Ortuzarren esanetan. Garbi dago: ez Zapaterok ez Lopezek ez dute jeltzaleen babesik izango legealdiak irauten duen artean, EAJ Jaurlaritzatik kanpo uzten badute. Espainiako Kongresuak Eusko Legebiltzarrak gehiengo osozonartutako Estatutu Berria arbuiatzea edota PSOEko gobernuaren eskariz Auzitegi Konstituzionalak kontsulta egitea eragoztea ez da izan eragozpen EAJk Zapateroren gobernuari babesa emateko, baina EAJri Eusko Jaurlaritzako aginte makila kentzea... Hori beste kontu bat da. Jateko kontuekin, jolas gutxi.

EAJtik ezkerrera

Abertzaleen Batasunaren deia, hauteskundeen emaitzen interpretazioa egin ondoren: «Ezker abertzale pluralean, inor ez da egia osoaren jabe, ez Aralar, ez gu, baina ezta Batasuna ere. Ezker abertzalea berriz fundatzen hasteko garaia da».

Ezker abertzale legez kanporatuak, desabantaila nabarmenarekin jokatuta ere, meritu handiko emaitza lortu eta bere lekuari eutsi dio. EAJren ezkerretara polo subiranista osatzeko asmoa inork baino ozenago agertu duen alderdiak, ordea, inoizko emaitzarik txarrenak izan ditu: EAren zuzendaritza ez ezik, estrategia osoa dago kolokan orain. Aralar, berriz, ezkerreko abertzaleen eremuan erreferentzia indartsua bihurtu da, inoizko emaitzarik onenak lortuta.

Ez du ematen ABren proposamenak epe laburrean biderik egin dezakeenik, baina mapa aldatu da: igandeko emaitzek ondoriorik izango dute EAJren ezkerretara dauden indar abertzaleen arteko harremanetan eta subiranisten indar metaketa ipartzat dutenen estrategietan.

Martxoak 5

Itun proposamena

Egin ariketa: irakurri EAJk PSE-EEri egindako akordio proposamenaren testua eta ahaztu, une batez, agiriak alderdi jeltzalearen zigilua duela. PSE-EEren proposamena ematen du. Alderdi sozialistak hamar urte honetan EAJri proposatu diona, bi orrialdetan laburbilduta. Sozialistekin gobernu ituna egitea jeltzaleen «hipotesietan ere» ez zegoela esan zuen Egibarrek astelehenean, eta, hiru egun geroago, gobernu ituna egiteko proposamena mahai gainean jarri du EAJren talde negoziatzaileak, Egibar barne. Botereari eutsi ahal izateko edozer proposatzeko prest dagoenaren irudia eman dute jeltzaleek agiri horrekin, baina auskalo. Asko du antzerkitik politikagintzak. Akaso, jeltzaleek dagoeneko etsi dute, akordiorako aukerarik ez dagoela jabetu dira eta PSE-EEren borondaterik eza nabarmen uzteko besterik ez dute aurkeztu halako proposamena. Eta, hala ez balitz, akordiorako aukerarik balego oraindik, jeltzaleek badakite proposatutakoa aski ez dela, oraindik beste eskaintza bat egin beharrean liratekeela: Ibarretxeren burua.

Martxoak 6

Zalantzaren tartea

2005eko ekaineko inbestidura saioan, azken bi urtean Ertzaintzak inor ez zuela inkomunikatu esan zuen Ibarretxek, harrotasunez, atxilotuen eskubideak errespetatzeko bidea hori zela adieraziz bezala. 2006ko abenduan, inkomunikazioa ahalbidetzen duen legeria bertan behera uzteko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari, besteak beste EAJk babestutako ebazpenarekin. Joan den asteartean, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak ikerketa «sakona» eskatu zuen Portu eta Sarasolaren tortura salaketen auziaz. «Zalantzari ez zaio tarterik utzi behar». Eta orain, Ertzaintzak, inkomunikazio erregimenaren aurka dagoen gobernuaren menpe dagoen Poliziak alegia, Manex Castro atxilotua bost egunez inkomunikatuta eduki du. Eta Castrok torturak salatu ditu. Ikerketa eskatu barik, ikerketa sakona egitea dagokio orain Jaurlaritzari, auzitegien zain gelditu gabe, Ertzaintzak inkomunikazioaren tresna zergatik erabili duen azaltzeaz gain. Egiten ez badu, zalantzari tartea uzten ariko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.