Gizartea

32 urteko emakume bat hil dute Donibane Garazin, eta atxilotuta dago bikotekide ohia

Emakumea auto batek harrapatu du Donibane Garaziko Kale Nagusian. Bikotekide ohia zihoan ibilgailuan gidari. Adierazi du istripuz hil duela emaztea.

jarraia151400.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 28a
08:51
Entzun

Goizaldean aurkitu dute hilda 32 urteko emakumea. Larrialdi zerbitzuek 04:40 aldera jaso dute abisua, emakume bat kordea galduta zegoela Donibane Garaziko Kale Nagusian, turismo bulegotik gertu. Herriko suhiltzaileak joan dira artatzera, baina ezin izan dute suspertu, eta kalean bertan zendu da.

Poliziak ikerketa hasi zuen berehala, zantzuak baitzituzten ibilgailu batek harrapatuta zendu zela emaztea. Lehen ikerketen arabera, Kale Nagusian oinez zihoan emaztea.

Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak BERRIAri adierazi dionez dionez, emaztearen bikotekide ohia bertan zen larrialdi zerbitzuak iritsi zirenean, eta haiei laguntzen aritu da. Ez die esan, ordea, berak harrapatu duenik emaztea. Ibilgailua handik urrundu du gizonak, eta ehun bat metrora utzi du, aparkaleku batean. Poliziak eremua itxi du, ikerketa martxan jartzeko, eta gizonak aitortu du berak harrapatu duela emakumea. Hain justu, kolpearen zantzuak ditu ibilgailuak. 08:00 aldera atxilotu dute bikotekide ohia, emaztea hil eta hiru ordura.

Vuelta Simonek azaldu duenez, gizonari ezin izan diote galdeketa zehatzik egin, alkoholaren eraginpean dagoelako. Gizonak adierazi du istripua izan dela, nahigabe harrapatu duela andrea. Ibilgailua aztertzen ari da Polizia, eta informazioa biltzen; besteak beste, prokuradoreak adierazi du aztertzen ari direla gizonaren aurkako salaketarik ezarri ote zuen hildako emazteak. Hortaz, ohartarazi du oraindik "goizegi" dela kasua indarkeria matxistarekin zuzenean lotzeko.

Elkarretaratzea antolatu dute hilketa salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.