Ariguneak izanen dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den Euskaraldiaren ardatza, eta Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi du hainbat sektore eta motatako entitate ugari ari direla jada izena ematen euskararen erabileraren aldeko ariketa kolektiboan parte hartzeko. Horien erakusgarri izan dira gaur Donostiako Tabakaleran egin duten agerraldian parte hartu duten erakunde eta enpresetako ordezkariak: Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Leire Okarantza Fagor taldeko Gestio Sozialeko arduradunak eta Jabier Otermin Super Amara Bera Bera klubeko komunikazio arduradunak hartu dute hitza, bertzeak bertze, prentsaurrekoan. Erakunde publikoen aldetik, berriz, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek hartu dute parte.
Euskaltzaleen Topaguneak nabarmendu duenez, 324 dira jada Euskaraldirako izena emana duten herri batzordeak, baina zehaztu dute «egun batetik bestera» handitzen ari dela kopurua. Nafarroan eta Araban, aitzineko Euskaraldiko kopuru beretara iritsi dira jada; Gipuzkoan eta Bizkaian, ia; eta Ipar Euskal Herrian espero dute azken asteotan gehiago batzea. Ariguneei dagokienez, 500dik gora egoitzak emana dute jada izena. Horien artean dira, erraterako, bulegoak, dendak eta entitateen barneko askotariko taldeak. Horietan 2.100 barne arigune identifikatu dituzte, eta 950 kanpo arigune. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen arabera, «hasiera besterik ez da».
Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, COVID-19a eragina izaten ari da izen emateetan, eta luzatu egin dituzte epeak, horrenbertzez. Herri batzordeek ekainaren 27ra arte izanen dute izena emateko aukera, eta entitateek, berriz, irailaren 27ra arte. «Lasaitasun mezua» eman nahi izan dute, egoeraren jakitun, «bakoitzak bere posibilitateen arabera» parte hartzeko, baina izena emateko deia egin dute, bereziki entitateei zuzenduta: «Entitateek urrats praktikoak egin ditzakete, ikaragarri garrantzitsuak», nabarmendu du Amonarrizek.