Euskaraldia: banakoa eta kolektiboa

2020ko amaieran egingo dute bigarren Euskaraldia, bi astez. 'Belarriprest' eta 'ahobizi' rolak ez ezik, ariguneak izango dira ardatz. Entitateei eragin nahi diete. Bideoa albistearen amaieran.

Euskaraldia: banakoa eta kolektiboa.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Herritarren ariketa, baina taldeko kutsu nabarmenagoa izango duena. 2020ko azaro-abenduetan egingo dute bigarren Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoa. Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu ardatz, herritarrek rol bat edo beste hartu ahal izango dute, baina bada berritasun bat: ariketa taldean egiteko modua. Arigune kontzeptua da nobedadea: euskaraz eroso jarduteko espazioak dira. Entitateen barruan egon litezke —langile taldeetan, adibidez—, edo kanpoan —herritarrei begirako zerbitzuetan—. Finean, beraz, herritar norbanakoek ez ezik, entitateek ere izango dute lekua bigarren Euskaraldian.

Urte eta erdi falta da, baina makineria martxan dago. Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute Euskaraldia, eta bidelagun dituzte erakundeak eta euskalgintzako eragileak —BERRIA Taldea ere bai—. Egitasmoaren beraren aurkezpen ofiziala udazkenean egingo dute, baina oinarrizko proposamena taxutu dute jada. Herriz herriko euskaltzale taldeetan aurkezten ari dira, herri batzordeak izango baitira oinarri orain ere. Mugimendua eragin du Euskaraldiak.

NOIZ ETA ZENBAT EGUN?

Iazko Euskaraldia 11 eguneko ariketa izan zen, baina bigarrena luzeagoa izango da: hamabost egun. Azaroaren 20an hasiko da, ostiralarekin, eta abenduaren 4an bukatuko. Tartean harrapatuko du, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna —lehen Euskaraldia egun horretan amaitu zen—.

TXAPAK BERRIRO ERE?

Bai. Euskaraldiaren ikur bihurtu dira ahobizi eta belarriprest txapak. Antolatzaileek azaldu dutenez, jendea gustura agertu da txapa horiekin, ariketa errazten duelakoan —euskaraz nork dakien jakiteko bidea dakarte, adibidez—.

Bakoitzaren esanahia zein den, ñabardura batzuk egingo dituzte, ordea. Gogoan izatekoa da belarriprest rolarekin gaizki-ulertuak sortu zirela iaz. Lotura bat zabaldu zen han-hemen: euskaraz hitz egiteko gai direnek ahobizi rola dutela, eta ulertu soilik egiten dutenek, belarriprest. Ez. Euskaraldiko txostenetan nabarmendu dute «portaera» dela rol baten eta bestearen arteko aldea —nahiz eta, jakina, ahobizi izateko euskaraz egiteko gai izan behar den—.

Definizioak egokitu egin dituzte, beraz. Hau da oinarria: ariketan parte hartzen ari diren guztiak dira belarriprest, denek gutxienez ulertu egiten baitute euskara; eta horietako batzuek, ahal den guzti-guztietan euskaraz egiteko konpromisoari heldu nahi diotenek, ahobizi rola hauta dezakete.

ARIGUNEAK: ZER DIRA?

Euskaraz lasai hitz egiteko modua jartzen duten lekuak dira ariguneak, bermatzen dutenak partaide guztiek ulertu behintzat egiten dutela euskara, eta, beraz, arazorik ez dela sortuko euskaraz egiteagatik. Alegia, leku horietan denek lukete gutxienez belarriprest izateko adinako euskara ezagutza.

Bi motatako ariguneak zehaztu dituzte Euskaraldirako. Batetik, barne ariguneak: leku eta talde itxietakoak. Adibidez, enpresa bateko departamentu bat: denek ulertu behintzat egiten badute euskara, aukera dute Euskaraldian talde gisara parte hartzeko —kide bakoitzak hautatuta ahobizi edo belarriprest izan—. Bi baldintza bete behar dira barne arigune bat osatzeko: batetik, euskaraz ulertzea denek, bestetik, kide gehienak behintzat ados egotea.

Kanpora begirako arigunea da bestea. Herritarrekin erlazioa duten entitateei eragingo die: saltokiei, zerbitzu publikoei, bezeroei kasu egiteko lekuei... Herritarrei begira ari diren langileek osatuko lukete arigunea, euskara ulertu gutxienez egiten dutenek: arigune izendatutako lekuetan bermatuko dute langileek euskara ulertzen dutela, eta herritarrek euskaraz aritu ahalko dutela. Supermerkatu batean izan liteke, adibidez: kutxa batzuk arigunetzat jo, eta horietan bermatu euskara ulertzen duten langileak beti.

ZEIN DA ENTITATEEN LANA?

Aurreko Euskaraldian sustatzaile soilak izan ziren entitateak: parte hartzera animatu zituzten beren kideak. Oraingoan, berriz, neurriak hartu beharko dituzte etxe barruan. Batetik, ariguneak sortzeko egokiera non dagoen jakiteko, aztertu beharko dute euskararen ezagutza nolakoa den entitate barruan. Bestetik, «zilegitasuna eta babesa» eman beharko diete ariguneetan ari diren partaideei.

Ariguneak bereziki lan arloarekin daude lotuta, kontuan hartuta hiztunek denbora egiten dutela lantokietan, eta euskararen erabilerak badituela hutsuneak. Hala ere, ariguneak osatzera deituta daude askotariko eragileak: erakunde publikoak, gizarte eragileak, kirol taldeak, elkarteak...

AHOZKOAN BAKARRIK?

Euskaraldiak aurrez aurreko harremanetan eragin nahi du bereziki: erdaraz egiteko joera aldatu, eta euskaraz aritzeko ohitura hartzea. Hala ere, kontuan izatekoa da gero eta ohikoagoak direla aldi berekoak izan arren ahozkoak ez diren komunikazioak: whatsappak, Skype bidezko solasaldiak... Horregatik, proposatu dute esparru horietan ere ahobizi edo belarriprest rolak hartzea. Teknologia horietan rolen bitartez identifikatzeko tresnak zabalduko dituzte. 

IZEN EMATEA, NOIZ?

Pixkanakakoa izango da Euskaraldian parte hartzeko izen ematea. Lehen urrats gisara, herriek eman beharko dute izena: datorren astean zabalduko dute epea. Iazko ariketan 400 udalerrik baino gehiagok parte hartu zuten, Euskaraldia antolatzeko batzordeak osatuta —euskalgintzako eragileen eta instituzioen bilgune izan ziren batzordeak—. Hain justu, antolatzaileek nabarmendu dute izen ematea batzordearen onespenarekin egin behar dela, ez eragile batek bere kabuz. Bigarren urrats gisa, urrian, entitateek izena emateko epea irekiko dute.

Herritarren txanda, azkenik, datorren urteko irailean izango da. Iaz, 225.000 herritarrek baino gehiagok eman zuten izena —euskaraz badakitenen edo ulertzen dutenen %19—. Gehiagorengana iristeko xedea dute antolatzaileek.

Roletan desoreka nabarmena izan zen iaz: ia lautik hiru, ahobizi (%73). Hori zergatik gertatu zen, bi hipotesi izan ziren nagusi: bat, batez ere euskaltzaleek parte hartu zutela Euskaraldian; bestea, ez zela ondo ulertu belarriprest figura. Biak konpondu nahi dituzte: beste esparru batzuetara iritsi eta rolak hizkuntza portaerekin lotu.

«Euskaraldia gizarteko eremu gehiagotara zabaldu nahi dugu»

[youtube]https://youtu.be/wgDJJEjlwY4[/youtube]

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.