ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

33 legelarik eta 150 hezitzailek dei egin dute Donostiako galdeketan parte hartzera

Erabakitzeko eskubideari eta estatus politikoari buruzko galdeketak egingo dituzte bihar Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin.

Hautetsontziak jasotzeko ekitaldia egin zuten Donostiako Akuariumean. EKAITZ ZILARMENDI / GURE ESKU DAGO
jon olano
2018ko azaroaren 17a
09:53
Entzun

Gipuzkoako hiriburuaren kasuan, parte hartzera deitu dute zuzenbidearen arloko 33 profesionalek. Adierazpen bat izenpetu dute, argudiatuz erabakitzeko eskubidea “demokraziari lotzen zaion oinarrizko eskubidea” dela eta zenbait gaitan “lehen legeak jasotzen ez zituen eskubideak jendartearen lanari, borrokari eta elkarlanari esker ezinbestekoak” direla gaur egun. Sinatzaileen artean daude Iñigo Iruin, Xabier Ezeizabarrena, Maribi Joaristi...

Bestalde, Donostiako 150 irakaslek, hezitzailek eta irakaskuntzako langilek ere dei egin dute biharko galdeketan parte hartzera: “Hezkuntzak momentu zailak bizi dituen honetan eta erabaki asko hemendik kanpo hartzen diren honetan, garrantzitsua deritzogu hezkuntza sistema propio baten aldeko aldarria egiteari, baita hezkuntzari loturiko hainbat erabaki bertan hartzeko beharra ere aldarrikatzen dugu”.

Galdeketak bihar egingo dituzte, 09:00etatik 20:00etara, eta 220.000 lagunek izango dute boto eskubidea. 2.000 boluntario ariko dira lanean.

Herri galdeketek “berme guztiak” izango dituztela nabarmendu dute antolatzaileek azken egunotan. Batetik, sistema informatiko baten bidez saihestuko dituzte bozka errepikatuak. Eta bestetik, Berme Batzorde bat osatu da, abokatu, legelari eta politologo talde batekin, protokoloa zorroztasunez errespetatzen dela eta galdeketak berme guztiekin egiten direla ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.