Guztira 34 lagun atxilotu zituzten poliziek Iparraldean eta Hegoaldean: 11 Gipuzkoan, 8 Nafarroan, 8 Bizkaian, 3 Lapurdin eta beste bana Behe Nafarroan zein Araban. Horrez gain, Bordelen (Frantzia) eta Zaragozan (Espainia) beste kide bana atxilotu zituzten poliziek.
Gipuzkoan Bittor Garzia, Itsaso Garmendia, Miren, Arantza eta Karmele Etxebeste ahizpak, Aitziber Ezkerra, Alberto Gonzalez, Nagore Lopez de Luzuriaga, Naiara Landazabal, Eneko Sorzabal eta Karlos Martin atxilotu zituzten.
Bizkaitarrak atzo bertan eraman zituzten Madrilera
Bizkaian, Iker Casanova, Arantza Martin, Jabier Gil Rosado, Haizea Perez, Gorka Iriarte, Egoitz Mastiada, Galder Bilbao eta Iugatz Baniobeitia eraman zituzten poliziek. Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzak Efe berri agentziari jakinarazi zionez, Bizkaian atxilotutakoak, atzo eguerdian bertan eraman zituzten Madrilera.
Nafarroan detenitutakoak honakoak dira: Jordi Purti, Eneko Arebalo, Joseba eta Eneko Compains anaiak, Angel Elcid Tejada, Ekain Gerra Solaguren, Garikoitz Mendioroz Lazarraga eta Saioa Azpilikueta.
Lapurdin Maika Arizaga, Emilie Martin eta Malvina Rekalde detenitu zituen poliziak.
Behe Nafarroan Ihintza Otxandabaratz atxilotu zuten, eta Murgia herri arabarrean, Agustin Gorbea. Bestalde, Bordelen Eneko Gorri angeluarra atxilotu zuten eta Zaragozako La Almunia de Doña Godinan Egoitz Martioda gasteiztarra. Azken biak, ikasketak direla medio bizi dira Euskal Herritik kanpo. Askatasunak jakinarazi zuenez, gainera, Espainiako Polizia Arbizura ere joan zen, Alain Berastegiren bila, baina ez zuen etxean aurkitu.
Zaldibia festetan harrapatu zuen polizien etorrerak. Hala ere Garmendia eta Garcia bikotea etxean atzeman zuen poliziak, 1:30ak aldera. Etxea miatu eta, esposarik gabe eraman zituzten biak. Bikotearen etxean ezezik, herriko txosnan ere sartu ziren Espainiako poliziak. Bertatik pankartak kendu zituzten.
Oreretan, Miren, Arantza eta Karmele Etxebeste ahizpak, bakoitza bere etxean atxilotu zituen poliziak; bi kalean eta bat baserrian. Baserrian bizi den Karmele, gainera, haurdun dago, bost hilabeteko. Ordubatak aldean sartu ziren poliziak Susperregi baserrian eta, haren mutilagunak jakinarazi zuenez, paperak eraman zituzten etxetik; tartean, elektrogailuen berme paperak. Atxilotuaren haurdunaldiaren berri eman eta, tratu egokia izan zuten harekiko, etxean. Beste bi ahizpen etxera 2:00etan joan ziren poliziak. Haien etxeetatik, ordenadore bana eraman zituzten.
Arreba espetxetik etxera ekarri ondoren atxilotua
Iker Casanovak arreba Eider Casanova Brievako espetxean jaso, Barakaldon herritarrek egindako ongi-etorrian parte hartu, eta neska-lagunaren etxera iritsi baino lehen atxilotu zuten, Bilbon. Kasanovak, bizpahiru hilabete darama kalean, espetxean ia hamar hilabete eman ondoren.
Bilbora iritsi eta poliziek geldiarazi, pistola buruan jarri eta esposatu egin zuten, neska-lagunaren etxea miatu aurretik. Ordenadorea, lanerako apunteak eta hortzetako zepiloak eraman zituzten. Lau orduz, etxea miatu eta hatz markak hartu zituzten. Gero, Barakaldora, gurasoen etxea miatzera eraman zuten.
Jabier Gil bilbotarra Athletic-en futbol partidua ikusi ondoren atxilotu zuten, etxe ondoan. Gilen etxebizitza eta haren neska-lagunarena ere arakatu zuten. Erriberako merkatuan egiten du lan eta bertan duen postua ere miatu zuten poliziek.
Altsasun detenitutako Ramon Lopez Cid, Julia Cid PSNko zinegotziaren semea da. Atxilotuaren emazteak jakinarazi duenez, emazteari berari pistola jarri zien buruan. Etxetik ez zutela ezer eraman uste du.
Altsasun bertan, lokal bat miatu zuten poliziek, bai eta Iruñeako Alde Zaharrean ere. Espainiako Gobernuak bertan duen ordezkaritzaren arabera, «Segi eta Askatasunaren dokumentu ugari» atzeman eta, prezintatu egin zuten Iruñeako lokala.
Bestalde, atxilotu guztien senideek, poliziaren eskuetan jasan dezaketen tratua dela eta, Habeas Corpusa eskatu dute.
Berri agentzien arabera, detenituak bihar has daitezke Auzitegi Nazionaletik pasatzen eta deklarazio-hartzea asteburu osoanluza daiteke.
P ADIERAZPENAK
Acebes: «ETAri berregituratzea eragotzi diogu»
Angel Acebes Espainiako Barne ministroaren esanetan, «ETA, azkenaldian jasan dituen kolpeen ondorioz ahulduta dago eta, operazio honek, taldearen berregituraketa eragotzi du».Izan ere, «ETAren oinarrizko egituraren aurkakoa» izan da atzoko operazioa, ministroaren hitzetan.
Otsailaren 19an eta apirilaren 1ean burututako operazioen jarraipena dela esan zuen; denak ere, «ETAren oinarrizko egitura diren kide berriak atzemateko aparatuari eta informazio zein azpiegitura lanetan aritzen diren egiturei begira». Hala, ETA «laguntzarako berrosatzen saiatzen ari zen taldea indargabetu» egin dela adierazi zuen. Acebesen hitzetan, gainera, atxilotuetako batzuk «ardura zehatzak» zituzten.
Segurtasun indarrei eta justiziari dagokionez ez dela inpunitaterik egongo esan eta, mezu bat igorri zien «ETAn sartzen diren guztiei»: «Atxilotuak izango direla eta terrorismoaren aurkako legedia ezarriko zaiela». Are gehiago, «hori etengabea izango da bai Espainian bai Espainiatik kanpo», esan zuen.
Azken atxiloketen ondoren ETA «oso kolpatuta» dagoela eta gaitasun «urriagoa» duela esan zuen, bai eta erakundea berregituratzen saiatzen ari dela ere. Dena den, «nahi hori eragotzi egin da», gaineratu zuen.