Villefranche sur Saone, Fresnes(Frantzia), Sevilla II (Espainia) eta Castello II (Herrialde katalanak) espetxeetako presoek gose grebari ekin diotela jakinarazi du Etxerat elkarteak. Denera, hogeita hamabost dira erabaki hori hartu dutenak, Donostiako Ospitalean dagoen Josu Uribetxeberria presoari elkartasuna adierazteko. Uribetxeberriak berak hirugarren eguna du gaur gose greban, eta azken fasean sartua duen minbizia du.
Atzo Donostiako Ospitale atarian egindako elkarretaratzean, Herrira mugimenduak adierazi zuen konpromisoa hartzen duela «bere esku dagoen guztia» egiteko. Atzo goizean bertan, larrialdiko kontaktu erronda hasi zuen Herrira-k, «ahalik eta ate gehien» jotzeko asmotan. Arratsaldean egindako bilera informatiboan,berriz, mobilizazio eta ekintza gehiago adostu zituzten. Horien artean, gaur goizean 10:00etatik aurrera bost lagunek hasiko duten gose greba: Fran Balda eta Jon Garai Herrira-ko kideek; Ander Alberdi bularreko minbizia duen Gotzone Lopez de Luzuriaga presoaren senarrak; Joxerra Askasibar Arrasateko Udaleko zinegotziak; eta Rodolfo Cuesta preso ohiak.
Horrez gain, dei egin diote «Uribetxeberriaren zein gaixotasun larriak dituzten presoen askatasunaren alde, giza eskubideen alde, konponbidearen eta bakearen alde» dagoen orori mobilizazioetan parte hartzeko. Bihar, goizeko 10:00etatik aurrera izango dira Donostiako Ospitalean. 11:00etan, elkarretaratzea egingo dute eragile sozialekin, eta jarraian propaganda banaketa eta bestelako ekintza batzuk egingo dituzte. «Josuren askatasunaren aldeko aldarriak ez du etenik izango», baieztatu dute. Bihar goizean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin ere izango dira Foru Aldundian.
Izan ere, egoera larritasunez azaldu zuen, goizeko elkarretaratzean, Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kideak: «Egoera gero eta bortitzagoa, gero eta krudelagoa bihurtzen ari da. Ezin da minutu bat gehiago ere luzatu. Egungo egoeran, preso jarraitzen duen minutu bakoitzak heriotzara hurbiltzen du Josu». Egoerak «berehalako konponbideak» eskatzen dituela adierazi zuen. Ordurako, ia 36 ordu zeramatzan gose greban Josu Uribetxeberriak, azken fasean sartua duen minbiziarekin. Presoak berak argi esan zuen, asteazkenean zabaldutako gutunean: «Badakit nire egoeran ez dudala egun askoan iraungo».
Herenegun sindikatuen babesa jaso ostean, alderdi politikoak izan ziren atzoko elkarretaratzean. Josu Uribetxeberria bera eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko presoak «ahalik eta lasterren» askatzeko eskatu dute ezker abertzaleak, Aralarrek, Alernatibak eta Eusko Alkartasunak. Espainiako Gobernuari bere legea bete behar duela esan diote guztiek, eta biharko manifestazioan parte hartzeko deia egin diote euskal gizarteari. 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Donostiako Saguestik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ibilbidea aldatzeko agindu du, manifestazioa «jai eremutik pasatzea eragozteko».
Pernando Barrenak (ezker abertzalea) azpimarratu du espetxe politikaren ondorio direla Uribetxeberriaren eta beste batzuen egoerak, eta ez osasun egoera pertsonalak soilik eragindakoak: «Bakartzeek, espetxe aldaketa etengabeek, presioak, estresak, elikadura eskasak, osasun arreta faltak... eragiten dute euskal preso politikoen artean eritasun asko izatea». Gogoratu du duela hogei urte baino gehiago PPk eta PSOEk jarri zutela martxan espetxe politika hori, «hasieran, EAJren laguntzarekin». Alderdi horiei esan die egungo espetxe politika bertan behera utzi behar dela.
Inaki Irazabalbeitiak (Aralar) Aieteko Adierazpena ekarri du gogora, eta esan du gobernuei «konponbiderantz» pausoak emateko eskatzen zitzaiela han. Gobernuen jarrera ikusita, egoera «kezkagarria» da, Irazabalbeitiaren arabera. Iñaki Ostolazak (EA) esan du bere alderdia beti egon dela giza eskubideen alde, eta, kasu honetan, horrek larri gaixo diren presoen askatasuna aldarrikatzea dakarrela. Xabi Sotok (Alternatiba) ere, giza eskubideekiko errespetua eskatu dio Espainiako Gobernuari, «gatazkaren parametroetan» geratu beharrean: «Estatua leihoak itxita edukitzen tematzen da».
LAB, ELA eta Hiru sindikatuek ere Uribetxeberria berehala askatzeko eskatu dute, larunbateko manifestazioarekin bat eginez. LABek esan du Uribetxeberriak «duintasun erakustaldi paregabea» egin duela. Gaineratu du ez dela gertakari bakana, Espainiako Estatuaren «krudeltasunaren» erakusgarria baizik. Hiru sindikatuak ere eskatu dubertan behera uzteko preso eta senideen aurkako «mendeku politika kriminala».
Espainiako Gobernua, «kexu»
Espainiako Barne Ministerioak esan du Uribetxeberriaren jarrerak ez duela «laguntzen». Adierazi du Uribetxeberriak probei uko egiteak eragozten duela haren diagnostikoan sakontzea, «gerora, legearen barruan har litekeen edozeinerabaki hartzeko».
35 presok gose greba hasi dute, Uribetxeberriarekiko elkartasunez
Herrira-k egoeraren larritasunaz ohartarazi eta mobilizatzera deitu du; bost lagunek gose greba hasiko dute gaur, DonostianBiharko manifestaziora deitu dute ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu