372 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Azpeitiko tabernari guztiei PCR probak egingo dizkiete, eta Bizkaiko zahar etxeetan beste hiru positibo atzeman dituzte.

Azpeitiko Erdikalea, larunbatean. Taberna guztiak itxita daude ostiraletik. ARITZ LOIOLA/FOKU
2020ko abuztuaren 18a
12:44
Entzun

Koronabirusaren azken datuak jakinarazi dituzte Hegoaldeko administrazioek. Bizkaian detektatu dituzte kasu gehien (185), atzo baino hemeretzi gutxiago, dena dela. Gipuzkoan ere bezperan baino positibo gutxiago atzeman dituzte (53); Araban, berriz, 72 kasu agertu dira azkeneko 24 orduetan. Nafarroan 51 pertsonak eman dute positibo, bezperan baino hamar gutxiagok, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Hego Euskal Herri osoan, beraz, 372 dira azken orduetan positibo eman dutenak; bezperan baino 53 gutxiago dira. Bestalde, azken orduetan 22 eri sartu dira ospitalean COVID-19 gaitzaren ondorioz.

Azpeitian (Gipuzkoa), beste bost kasu atzeman dituzte, eta dagoeneko 94 dira ostegunetik zenbatutakoak. Herriko Erdikalean ibilitakoen artean oldarraldi bat atzeman zuten egun horretan, eta PCR probak egiten ibili dira osasun langileak egunotan. Orain, Azpeitiko Udalak PCR proba egiteko eskatu die herriko tabernari guztiei, agerraldiaren dimentsioa nolakoa den jakin ahal izateko: «Fokuaren dimentsioa zenbat eta lehenago jakin, orduan eta azkarrago hasiko gara egoerari buelta ematen».

Ostiraletik itxita daude alde zaharreko taberna guztiak, tabernariek eta udalak hala erabakita. Atzo, taberna horiek desinfektatu zituzten udaleko langileek, eta udalak azaldu du beste tabernaren batean kasurik atzemanez gero ere haiek arduratuko direla desinfekzio lanez.

Bizkaian, astebetean kutsatuen ia erdiak Bilbon

Abuztuaren 11tik 17rako astean, 910 lagunek eman dute positibo Bilbon. Beraz, Bizkaian aste horretan kutsatu direnen (2.037) ia erdiak bizi dira hiriburuan. Gainera, intzidentzia tasa handia da: 100.000 biztanleko 265 kutsatu dira Bilbon epe horretan. Koronabirusa indarra hartzen ari da Bizkaian eta Araban azkeneko egunetan, eta hori erakusten du Jaurlaritzak gaur zabaldu duen herriz herriko taulak.

Bizkaian daude zifrarik deigarrienak. Getxon, 164 pertsona kutsatu dira azkeneko astean (100.000 biztanletik, 213); Barakaldon, 185 (100.000 biztanleko, 188); Erandion, 63 (100.000 biztanletik, 259); Sestaon, 59 (100.000 biztanleko, 217); Basaurin, 40; Leioan, 35; Galdakaon, 28; Bermeon, 26. Baina kasurik esanguratsuena Zamudion agertu da: abuztuaren 11tik 17ra, herriko 49 lagunek eman dute positibo, eta horrek esan nahi du 100.000 biztaleko tasaren arabera egiten bada kalkulua, ia 1.500 kutsatu direla. Alde handiz, Bizkaiko eta Euskal Herriko tasarik handiena da azkeneko astean. Itxura du Abanto-Zierbenan beste agerraldi bat izan dela, hamahiru kasu atzeman baitzituzten hilaren 13an. Gero apaldu da hori.

Gasteizko hazkundea eta Mutrikuko intzidentzia

Azkeneko astean Araban COVID-19a harrapatu duten hamarretik bederatzi Gasteizen bizi dira. Intzidentzia tasarik handienetako izan du Gasteizek azken astean: 100.000 herritarreko 234 kutsatu dira han —577 pertsona—. Gasteiz kenduta, biztanle gutxiko herriak dira gehienak Araban, eta intzidentzia tasa handiak dituzte herri gehienek, baina kasu positiboak ez dira hainbeste. Laudion, azkeneko astean, hogei lagunek eman dute positibo. Zuian bada agerraldi bat, bertako zaharren egoitzan 11 positibo agertu baitziren astelehenean.

Guztiz bestelakoa da egoera Gipuzkoan. Hiriburua adibide: Donostian 144 kasu positibo agertu dira azkeneko astean (100.000 biztanleko 79 kutsatu dira). Irunen, 32 lagunek eman dute positibo abuztuaren 11tik 17ra, baina tasa txikienetakoa du hiriak: 100.000 biztanleko, 53. Mutrikun bestelakoa da egoera. Bertan 32 pertsonak eman dute positibo epe berean, baina horrek esan nahi du herriko intzidentzia tasa ia hamabi aldiz handiagoa dela: 100.000 biztanleko 600 kutsatu baitira han. Azpeitiko agerraldiari lotuta, abuztuaren 11tik 17ra 97 kasu agertu dira. Bestela, Elgoibarren nabari da kasuen pilaketa txiki bat, ez oso esanguratsua: 21 kasu agertu dira han azkeneko astean.

Nafarroako Gobernuak ez ditu eman astebetez pilatutako datuak, baina azaldu du gaur detektatutako kasuen %12 Lizarran agertu direla, eta %10 Tuteran. Azkeneko egunetan ere joera hori ari da izaten.

79 kasu Bizkaiko zahar etxeetan

Bizkaian, lau dira dagoeneko koronabirus kasuak dituzten zahar etxeak. Azken datuen arabera, 79 egoiliarrek eman dute positibo koronabirusa atzemateko PCR probetan. Asteleheneko datua da, eta larunbatean baino hiru gehiago ziren orduan. 79 horietatik, 43 zahar etxeetan daude, eta 33 Birjinetxeko zentro soziosanitarioan dauzkate; beste hiru egoiliarrak ospitaleratuta daude. Birjinetxen, gainera, badira beste hamalau pertsona berrogeialdia egiten ari direnak ospitalean egon ostean eta egoera ahulean daudenak. Langileei dagokienez, 56 kutsaturik daude eta beste 64 bakarturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.