Azken pausoak ematen ari da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Donostia 2016ren barruan ari dira proiektua lantzen, eta, hain justu ere, protokolo hori kultura hiriburutzaren “legatua” izatea nahi dute, Asier Basuro ordezkariak azaldu duenez.
Denbora daramate protokoloa lantzen, eta azken urratsetan ari dira orain. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du hainbat saio egin dituztela gizarte eragileekin, Euskal Herrian eta kanpoan, eta 400 ekarpen baino gehiago jaso dituztela. Horien maila goratu du Blbaok. Hortaz, prozesua “arrakastatsua” izan dela nabarmendu du.
Neurriak taxutzen ari dira orain. Batzorde zientifikoak joan den astean egin zuen bilera, eta jasotako proposamenak 150-180 neurritara eraman dituzte. Horiek fintzen ari dira orain. Hilaren 25ean egingo dute azken testua, talde antolatzailearen bileran.
Aurkezpena bera abenduan izango da. Hilaren 15ean eta 16an Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa egingo dute Donostian, eta adituei han aurkeztuko diete protokoloa. Aurkezpen nagusia abenduaren 17an izango da, jendaurrekoa.