Oholtza hutsik, bozgorailuetan Joseba Sarrionandiaren ahotsa. Idazleak berak abiatu du ostiral goizeko zortzietan Bilboko Arriaga Antzokian Klasikoen 8. irakurketa jarraitua. Audio grabazio bidez bidali du 1979an idatzi zuen Luigi Anselmi ipuinaren lehen zatiaren irakurketa, eta 400 irakurle inguruk jarraituko dute idazlearen Narrazio guztiak liburua irakurtzen arratsaldeko zortzietara arte. Hamabi orduz, beraz, Bilboko erdigunean izan dira Sarrionandiaren hitzak. Andres Urrutia euskaltzainburuak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Mario Izeta gotzainak, euskaltegietako kideek eta euskal erakundeetako ordezkaritza zabal batek ere hartu du parte ekitaldian.
Bikoitza da helburua, Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko kideak azaldu duenez. “Alde batetik klasikoak ere irakurtzeko irakurgaiak direla erakustea, eta euskaraz irakurtzea eta orohar irakurtzea aldarrikatzea”. Orain 8 urte Axularren Gero liburuarekin egin zuten lehen irakurraldia eta geroztik beste liburu sorta batekin errepikatu dute proposamena. Peru Abarcarekin, Jon Miranderen Haur Besoetakoa, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak eta Gabriel Arestiren Harri eta herrirekin. Aurten Joseba Sarrionandiaren narraziogintza hautatu dute, eta haren lanari buruzko bederatzi hitzaldi antolatu dituzte urtean zehar.
Literatura
400 irakurlek jarri diete ahotsa Sarrionandiaren narrazioei
Audio grabazio baten bidez Sarrionandiak berak jarri du abian ostiral goizean Bilbon Klasikoen 8. Irakurketa jarraitua. Arratsaldeko zortzietara arte irakurri ditu jendeak Iurretakoaren narrazio guztiak. [youtube]https://youtu.be/_19xV0KdaUU[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu