42 kilometro zabaldu dituzte jada Iruñea-Logroño autobian

Atzo 7,3 kilometroko errepide zatia inauguratu zuten; irailerako amaituko dituzte Viana arteko lanak

EDURNE ELIZONDO VILLAMAYOR DE MONJARDIN
2006ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Erdia baino gehiago. Nafarroako Gobernua eraikitzen ari den Iruñea eta Logroño arteko autobiaren zatia 70,3 kilometro luze izanen da, eta haietatik 42 zabalik dira jada. Atzo bertan inauguratu zuen Herri Lan kontseilari Alvaro Mirandak ireki den azken zatia, Villamayor de Monjardin eta Los Arcos artekoa, hain zuzen ere. 7,3 kilometro luze da errepide tarte hori. Gainera, Villamayor de Monjardinerako errepidea berritu du Nafarroako Gobernuak, eta A-12 autobia herri horrekin eta Arroitzekin lotzeko bideak egin ditu. 22 milioitik goitiko aurrekontua izan dute lanek.

Autobia berriari esker, Estellerriko herritarrentzat gero eta gertuago daude Iruñea, batetik, eta Logroño, bestetik. Iruñea eta Lizarra arteko autobiaren hiru zatiak zabalik dira jada, eta, ondorioz, 20 minutu inguru murriztu da Nafarroako hiriburuaren eta Ega ondoko hiriaren arteko bidaiaren iraupena. Halaxe azpimarratu du Nafarroako Gobernuko Bideetako Zerbitzuko zuzendari eta autobiako obren arduradun nagusi Jesus Gonzalezek.

Gaineratu duenez, autobia osoa amaitzen denean, ordubete baino gutxiago beharko dute auto gidariek Iruñetik Logroñorako bidaia egiteko. Autobia egiten hasi aurretik, hiru ordu laurden inguruko bidaia zegoen Iruñea eta Lizarra artean, eta beste hiru ordu laurden ingurukoa, berriz, Lizarra eta Logroño artean. Errepide berriarekin ordu erdi eskasera murriztuko da denbora Lizarratik Iruñera eta Logroñora.

Atzo zabaldutako errepide tartea autobiaren laugarren zatiari dagokio. 2002. urtean hasi ziren lehen zatiko lanak, Zizur Nagusia eta Gares artekoak alegia. Bigarren zatia Garesko saihesbideari dagokio. 2003. urtean, berriz, hirugarren zatia egiteko obrak hasi zituzten, Gares eta Lizarra artean, hain zuzen ere. Hiru zati horiek zabalik dira; uste baino lehenago ireki dituzte. Gares eta Lizarra arteko azken zati hori iazko uztailetik dago irekita, uste baino bi hilabete lehenagotik alegia.

Laugarren zatia amaitzeke dago. Atzo ireki zuten 7,3 kilometroko tarteari, Lizarratik Villamayor de Monjardinerako tartea gehitu behar zaio, batetik, eta, bestetik, Los Arcoseko saihesbidea. Mirandak inauguratu duen azken zatia, saihesbiderainokoa da. Uztailaren 30erako laugarren zati osoa zabaltzea espero du Nafarroako Gobernuak. Bosgarren zatia, berriz, irailerako amaitu nahi dute Herri Lan Saileko arduradunek. Los Arcosetik Vianara doan zatia da bosgarrena. Hor amaituko da autobiaren Nafarroako zatia. Lan guztiek 324 milioi euroko aurrekontua dute.



VIANATIK LOGROñORA. Nafarroako Gobernuaren autobia proiektua Vianan amaituko da, bosgarren zatiarekin batera, baina autobiak Logroñoraino jarraituko du. Viana eta Logroño arteko zatian autobia egiteko ardura Espainiako Gobernuak hartu du. Zehazkiago erranda, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak hartu du bere gain zati horren proiektua idazteko ardura. «Bi urte inguruko epea beharko da», erran du Mirandak. Nafarroako Gobernuak eginen ditu proiektu horri dagozkion Nafarroako zatiko lanak, eta gainontzekoak Espainiak.



Erdara hutsean dira autobiako kartelak

Iruñetik Lizarrara autobiatik joateko aukera dute iaztik gidariek. Errepide berriko 42 kilometro zabalik dira jada. Bidea prest, eta kartelak errepide bazterrean zutik. Guztiak, erdara hutsean. Euskarazko hitzik ez dago Donejakue bideko autobiatzat jotzen den horretako karteletan.

Atzo inauguratu zuten errepide berriko laugarren zatiko puska bat; eta, atzo bertan, Nafarroako Gobernuko erregistrora eraman zituzten autobiako errotulazioa ele bitan izan dadila eskatzen duten sinadurak. 3.600 denera, Estellerriko eta Izarbeibarreko herritarrek emandakoak guztiak.

Autobiako zatiak zabaltzen hasi zirenetik, eta kartelak erdara hutsean zirela ohartu zirenetik, elebitasunaren aldeko kanpaina egin dute Lizarrako eta inguruko hainbat herritarrek. Estella eta Puente La Reina bakarrik irakurri ordez, Lizarra eta Gares ikusi nahi dituztelako idatzita.

Nafarroako ararteko Maria Jesus Arandak berak bat egin du herritarren eskaera horrekin. Eremu mistoan errotulazioak ele bitan izan behar duela azpimarratu du, eta gogorarazi egin dio Nafarroako Gobernuari. Gainera, legez kanpokotzat jo du Iruñea eta Lizarra arteko autobiako karteletan, besteak beste, euskararik agertu ez izana.

Nafarroako Gobernuak, ordea, bestelako iritzia du gai horren inguruan, eta erakunde horren jarduera planaren arabera kartelek eremu mistoan erdara hutsean egon behar dutela defendatu dute Miguel Sanzek eta haren kontseilariek, behin eta berriz.

Nafarroako Parlamentuan jorratu dute, halaber, autobiako kartelen auzia. Mozioa aurkeztu zuen Eusko Alkartasunak errotulazioa ele bitan eskatzeko, baina ez zuen aurrera egin; UPNk, PSNk eta CDNk proposamen horren kontra bozkatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.