Azken zenbaketetan, beste 425 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: bezperan baino 345 gutxiago. Halaber, egin diren PCRak ere gutxiago izan dira: 6.000 test inguru egin dituzte azken orduetan; aurreko bi egunetan, berriz, 9.000ren bueltan ibili dira. Kasurik gehienak Bizkaian izan dira, 204; Gipuzkoan, 80 kasuren berri eman dute; Araban, 65 kasu atzeman dituzte; eta Nafarroan, 61. Jaurlaritzaren esanetan, erkidegotik kanpo bizi diren hamabost pertsonari ere atzeman diete gaitza. Ospitaleratzeen berri ere eman dute. Azken orduetan 21 pertsona sartu dira erietxeetan birusaren ondorioz: azken astean izan den ospitaleratze kopururik apalena izan da. Erietxeetan daudenen kopuruak, ordea, 200en langa gainditu du. Oraintxe 235 gaixo daude birusarengatik ospitaleratuak Hegoaldean, horietatik hogei ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan.
Ostiralean, PCR proba egitera joateko eskatu zien Jaurlaritzak Azpeitiko (Gipuzkoa) Erdikalean ibili zirenei. Asteburuan, test masiboak egiten aritu dira osasun langileak, eta 89 kasu atzeman dituzte dagoeneko. Agerraldiaren ondorioz, udal zerbitzu guztiak bertan behera utzi dituzte, besteak beste igerilekua eta kiroldegia; eta alde zaharreko tabernak ere itxita daude.
Lapurdin eta Nafarroa Beherean ere izan dira kasuak azken orduetan. Baionako herriko etxeko zentro teknikoko langile batek positibo eman dute, eta, ondorioz, itxi egin dute zentroa. Iragan astean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) polizia etxean izandako bi kasurekin lotura izan bide du kutsatu den langileak. Baigorrin (Nafarroa Beherea) hainbat kasu izan dira egunotan, eta Eskualdeko Osasun Agentzia kate epidemiologikoa ikertzen ari da.
Egunotako kasuen gorakadak direla-eta osasun larrialdia ezarriko zuela iragarri zuen Jaurlaritzak ostiralean. Gaur bertan argitaratu dute agindua Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean, eta bihar iragarriko dituzte lehen neurriak. Nafarroako Gobernuak, bestalde, arratsaldean jakinaraziko ditu COVID-19ari aurreko egiteko onarturiko foru dekretuaren inguruko xehetasunak.