Osasun larrialdia ezarri du gaurtik Eusko Jaurlaritzak

Besteak beste, edukierak murriztuko dituzte: «Inoiz ez hamar pertsona baino gehiago». Bihar emango dute neurri zehatzen berri, baina erabateko konfinamendua ezartzea baztertu du Arantxa Tapia sailburuak.

Herritarrak Bilboko kafetegi batean, joan den astean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko abuztuaren 17a
07:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzak berriro ezarri du osasun larrialdia gaurtik aurrera, COVID-19aren krisiari aurre egiteko neurriak hartzeko. Neurri zehatzak asteartean erabakiko dituzte, orduan egingo baitu lehenengo bilera Labi planaz (Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea) arduratuko den batzordeak. Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu ditu osasun larrialdia emateko eta plana aktibatzeko aginduak, eta Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria izango da batzordeko burua.

Neurri horietako batzuen berri eman zuten larunbatean Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako jarduneko sailburuak. Edukierak murriztuko dituzte: «Inoiz ez hamar pertsona baino gehiago». Azaldu zuen, ordea, horrek ez diela eragingo leku batzuei —zinema aretoei, besteak beste—, jendea maskara jantzita, eserita eta «modu ordenatuan» egoten baita. Beste batzuetan, berriz, jendea «gehiago erlaxatzen» da, eta pilaketak sortzen dira. Horiek eragoztea izango da helburua. Ordutegiak mugatuko dituzte ostalaritzan eta garraio publikoan.

Ez da egoera «atsegina», Tapiaren esanetan, baina «atzerapauso bat eman behar da ezinbestean». Murgak eta biek adierazi zuten orain arte hartutako neurriek balio izan dutela osasun sistema indartzeko; aztarnarien lana nabarmendu zuen jarduneko Osasun sailburuak.

Tapiak adierazi zuen osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetan hartu zituzten neurri guztiak hartuko dituztenik, eta errepikatu zuen jarduneko gobernuak ez duela asmorik herritarrak etxean konfinatzeko. Dena dela, ez zuen baztertu arloka edo eremu geografiko jakinetan itxialdiak ezartzea.

Hiru helbururi buruz hitz egin zuen: osasun sistema babestea, gainezka egin ez dezan; beste konfinamendurik ez ezartzea; eta «birusarekin bizitzen ikastea», horretarako eguneroko bizitzako zenbait arlo aldatuta.

Birusaren hedatzeari aurre egiteko tresnak izango dira osasun larrialdia eta hartaz arduratuko den batzordea. «Berme juridiko bat», dagoeneko hartzen ari diren neurriak hartzen jarraitzeko, eta leku batzuetan arau murriztaileagoak ezartzeko, egoera «egunez egun» aztertu ondoren. Batzordeak bi neurri mota erabakiko ditu astearteko bileran: batetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei eragingo dieten neurri murriztaileak; bestetik, soilik herri, auzo edo gune batzuei eragingo dietenak. «Egoera hau ez da hilabeterako izango: luze iraungo du, eta neurri horiek konbinatuko ditugu. Neurri dinamikoak izango dira», esan du Tapiak.

Datuak, okerrera

Izan ere, egoera larriagotzen ari da egunez egun; igandean zabaldutako datuen arabera, larunbatean 770 kasu zenbatu zituzten Euskal Herrian; bezperan baino 96 gehiago. Araban 130, Bizkaian 370, Gipuzkoan 106 eta Nafarroan 160 zenbatu zituzten. Gainera, beste 24 pertsona erietxeratu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.