48 pertsona hil dira birusarekin azken astean Hego Euskal Herrian

10.843 PCR eta antigeno proba egin dira, eta 792 positibo atzeman dituzte, herenegun baino 107 gehiago. Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak lurraldeko egoera «kezkagarria» azpimarratu du.

Ehorzketa etxe bateko langile bat, gorpu bat eramaten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 31
13:21
Entzun

Eten egin da koronabirusarekin hildakoen kopuruaren beheranzko joera Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, azken astean, martxoaren 22tik 28ra bitartean, Hegoaldean 48 pertsona hil dira COVID-19ak jota, aurreko astean baino hamabost gehiago, eta heriotza horiek batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erregistratutakoak izan dira. Zehazki, 43 pertsona hil dira eremu horietan, eta gainontzeko bost kasuak Nafarroakoak dira. Martxoko lehen astean jaso zuten azkenekoz horrelako kopuru bat.

Hildakoen kopuruaren goranzkoaren adierazle da positiboen igoera ere. Martxoaren 11n hartu zuen kurbak goranzko joera, eta ordutik ez du norabidea aldatu. 10.845 PCR proba eta antigeno test egin zituzten atzo Osakidetzako eta Osasunbideko osasun langileek, eta, guztira, 794 positibo atzeman zituzten, herenegun baino 109 gehiago. Kasu horietatik gehienak Bizkaian erregistratu dituzte: 297. Gipuzkoan, 210 izan dira; Nafarroan, 163; eta Araban, 118. Gainontzeko sei kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzaren arabera. Eta positiboen portzentajea, berriz, %7,32 da.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko kontseilariak azken egunetako datuen berri eman du, eta adierazi du egoera «kezkagarria» dela, hala nola azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 281 positibo atzeman dituztela argudiatuta, eta joera «goranzkoa» dela erantsita. «Deigarria bezain kezkagarria iruditzen zaigu laugarren olatuan intzidentziak izan duen azkartasuna, eta, gainera, hiru astean hirukoiztu egin da kasuen kopurua». Kopuru horietan Erresuma Batuko aldaerak izandako eragina ere aipatu du: kasuen %95 osatzen du Nafarroan. Beraz, gogorarazi du «oso beharrezkoa» dela arauak betetzea, agerraldiak «interakzio sozial handi baten isla» direla iritzita.

Hegoaldeko erietxeetako egoerari dagokionez, gobernuek emandako datuen arabera, guztira, 468 pertsona daude ospitaleratuta. Horietatik 364 gela arruntetan daude, eta 104, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Kopuruei dagokienez, herenegungo datuak baino apalagoak dira, baina ospitaleratuta daudenen pertsonen kurbak, oro har, goranzko joerari eusten dio. Martxoaren 21ean hartu zuen norabide hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.