Azken egunetako datuek bistan utzi dute joera aldaketa: kutsatuen kurba lautu egin da, eta maldan gorako bidea hasi da sumatzen. Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 10.695 proba egin zituzten atzo Hegoaldean, eta 480 COVID-19 kasu detektatu dituzte horietan. Egun bakarrean zenbatutako kasuei dagokienez, bezperakoa baino apalagoa da datua; 502 izan ziren. Halere, ez da gorabeherarik izan positiboen ehunekoan: %4,5. Zehazki, datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian 191 zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 133; Araban, 82; eta Nafarroan, berriz, 70.
Gainera, ospitaleei dagokienez, atzo 44 erietxeratu zituzten Hego Euskal Herrian. Horiek aintzat harturik, guztira 369 paziente daude ospitaleratuak. Osakidetzak eta Osasunbideak zehaztu dutenez, horietako 259 gela arruntetan dira, eta, berriz, 110 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.