1.142 orotara. 50 inguru egunero. Horiek dira Gipuzkoan, Ordizia eta Irura tartean jarritako radarrak ekainaren 8tik 30era atzeman zituen lege hausteak. Eta, ondorioz, Ertzaintzak tramitatu dituen salaketak. N-1 errepideko radarra martxoaren 23an hasi zen lanean, baina ekainaren 7ra arte Ertzaintzak ez zuen inolako isunik jarri, egindako urraketak 2.178 izan baziren ere. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, ekainaren hasierara arte Ordizia-Irura arteko errepide zati horretan %33 murriztu ziren istripuak, baina epea uztailaren 19ra arte luzatuta, ezbeharren kopurua %11 jaitsi da.
Ordizia eta Irurako radarrak 19 kilometroko tarte horretan ibilgailuak batez beste zein abiaduratan doazen neurtzen du, betiere Donostiako noranzkoan. Bi puntuen arteko distantzia egiteko behar duten denboraren arabera egiten du radarrak kalkulua. Autoek orduko 100 kilometroko gehienezko abiadura muga dute, eta kamioiek, berriz, orduko 80 kilometrokoa. Hain zuzen ere, radarra jarri zuenean, trafiko zuzendaritzak esan zuen ibilgailu handien ezbehar tasa murriztea zela helburuetako bat, kamioiena eta autobusena.Izan ere, Ordizia eta Irura artean izandako hamar ezbeharretatik bitan ibilgailu handiak daude tartean — Euskal Autonomia Erkidegoko errepide sarean %7 dira—.
Gidari asko, haserre
Ordizia eta Irura tartekoa Euskal Herrian martxan jarri den era horretako lehenengo radarra da, eta haren eragina ez da oharkabean pasatu. Legorreta eta Villabonako gasolindegietatik igarota, nabarmena da gidari askori ez zaiela gustatzen, eta askok zalantzan jartzen dute izan dezakeen eraginkortasuna.
Javier Caballero Villabonako gasolindegiko langileak, adibidez, uste du radarra «dirua biltzeko sistema besterik» ez dela. «Ez dut sekula sinetsiko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua gure osasunaz kezkatzen direnik. Dirua biltzea bakarrik dute helburu». Gasolindegitik pasatzen diren gidari gehienak berarekin bat datozela uste du. «Jendea ez dago ados, ikusten duelako ezer ez duela konpontzen. Leku arriskutsuak konponduko balituzte, askoz istripu eta heriotza gutxiago gertatuko lirateke».
Radarraren eraginkortasunarekin zalantzak ditu, berriz, Idoia Lertxundik. Villabona eta Donostia artean ibili ohi da, eta gutxitan sartzen da radarraren eraginpeko tartean. Hala ere, ez dio «zentzurik» ikusten. «Gidari batzuk abiada bizian sartzen dira tartean, baina gero gelditu egiten dira, edo Tolosara sartu, eta kalkuluak eginda, batez beste ez dute gainditzen muga. Legea jarri zuenak tranpa jarri zuen».
Orel Morales Legorretako gasolindegiko langileak ere antzeko iritzia du, eta bertatik pasatzen direnen kexuak etengabekoak direla dio: «Denek diote radar hau lelokeria bat dela. Ez dute ikusten errepide tarte bereziki arriskutsua denik. Gainera, erraz egin dakioke iskin radarrari. Hogei kilometroko tarte horretan erregaia hartzeko gelditu eta horrekin dagoeneko batez besteko abiadura modu nabarmenean murrizten dute». Radarra ezartzearekin, baina, gasolindegi ondotik igarotzen diren ibilgailuen abiadura jaitsi egin dela onartu du Moralasek: «Gidariek beraiek esaten dute hainbeste radarrekin ezinbestekoa dela polikiago joatea».
Familiarekin Donostiara egun-pasa doala gelditu da Legorretako gasolindegian Jose Fontaneda. Gasteiztik dator, eta ez da ohartu sarrera eta irteerako radarrek kontrolatutako tartean sartu denik. Ezagutu ere, ez zuen ezagutzen. «Ez zait gaizki iruditzen radarrak jartzea, baina ez dakit oso eraginkorrak diren. Orain ni hemen gelditu naiz, zerbait hartzera. Nola neurtuko dute nire batez besteko abiadura?».
Furgonetarekin egiten du lan Xabier Arruabarrenak, eta batetik bestera mugitzen da egunero. N-1 errepideko Ordizia eta Irura tartean ere mugitzen da «noizbehinka», eta gehiegizkoa irizten dio ezarritako abiadura mugari: «Oso motel joatera behartuta gaude, eta, gainera, errepidean beste sarrera batetik sartzen dena ez dago horrela joatera behartuta. Ondorioz, zu motel-motel joan zaitezke, eta ondotik beste bat abiadura handian pasa».
Oso bestelako iritzia du Rosa Maria Trinidad Stop Istripuak erakundearen ordezkariak. Haren ustez, abiadura mugak «zerbaitengatik» jartzen dira, «eta muga horiek errespetatu egin behar dira». Trinidadek dioenez, «tristea» da gidari askok radarren aurrean duten jarrera, «edonolakoa dela ere». «Patxada handiagoarekin eta errespetuz gidatuko bagenu, ez legoke arazorik, eta ez ligukete inolako isunik jarriko. Baina, zoritxarrez, ez da horrela».
Stop Istripuak-eko ordezkariak ez du zalantzarik radarrek ezbeharrak eta heriotzak saihesten dituztela. Eta ondo deritzo radar mota ezberdinak erabiltzeari. «Errepidean finkoak ikusten ditugunean, abiadura jaitsi, eta, gero, hori pasa eta berehala, berriro zapaltzen dugu azeleragailua. Beraz, ez dago gaizki tarte bat neurtzen duten radarrak ere izatea».
Larri zauritua Ustaizen
Bi pertsona zauritu ziren, atzo, Ustaizen (Nafarroa), NA-178 errepidean izandako istripuan, eta haietako bat larri eraman zuten erietxera. Ibilgailuak azpiestazio elektriko baten babes hesia jo zuen, eta, ondoren, su hartu zuen. Handik pasatu ziren beste gidari batzuek itzali zuten sua.
50 salaketa eguneko
Ordizia eta Irura bitarteko radarrak 1.100 lege hauste baino gehiago atzeman ditu lanean aritu den lehenengo hilabeteanGidari asko haserre dira, baina SOS Istripuak-ek beharrezkotzat jotzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu