Nafarroako parlamentariak gutxitzeko lege proposamen bat aurkeztu du PPNk. Egun dauden 50 parlamentariak 43ra murriztu nahi dituzte, 1986tik indarrean den foru legea ordezkatuz.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko erabaki bat dela azaldu dute, ohar baten bitartez. Izan ere, Nafarroako erakunde publikoen diru sarrerak «nabarmen» jaitsi dira, eta parlamentuko aurrekontuetan gastuak aurrezteko modua izango litzateke ordezkariak gutxitzea.
Legea aldatzeko proposamenak gizartearen testuinguru sozial eta politikoarekin lotura duela gaineratu du PPNk. Gaur egun Nafarroan dagoen biztanleria kontuan hartuta 43 parlamentari nahikoa direla adierazi dute. Nabarmendu dutenez, populazioaren arabera estatuan parlamentari kopuru «handiena» duen lurraldea da Nafarroa.
Parlamentarien murrizketak ez du «galerarik» ekarriko, PPNren iritziz. Are gehiago, erakundea «eraginkorrago» jardungo dela ziurtatu dute. Proposaturiko aldaketak parlamentuan duen «balio gehigarria» ere nabarmendu dute: 43 parlamentari izanda, bozketetan ez litzateke berdinketarik izango.
50etik 43ra murriztu nahi ditu Nafarroako parlamentariak PPNk
Alderdi popularrekoek adierazi dute gastu gutxiago izango lituzkeela parlamentuak murrizketarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu