Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %58k uste dute emakume etorkinek gizarte babeserako sareaz abusatzen dutela eta etekin gehiegi ateratzen diotela. Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta baten datuak dira. %45ek uste dute gizarteari ematen diotena baino gehiago jasotzen dutela andre etorkinek. Galdekatutako hamarretik hiruk ez diote garrantzirik ematen haiek gizarteari egiten dioten ekarpenari.
Adinekoak, mendekotasun duten pertsonak eta haurrak zaintzen andre etorkinek egiten duten lanaz galdetuta, 64 urtetik gorako pertsonak dira behar hori gehien estimatzen dutenak. %63k aitortzen dute lan hori. Balio gutxien ematen diotenak 18 eta 29 urte artekoak dira.
Lopezkezkatuta
Immigrazioaren Aldeko Gizarte Itunari buruz eztabaidatzeko jardunaldi bat egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Bertan izan ziren Patxi Lopez lehendakaria eta Gema Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburua. Lopez kezkatuta agertu da aldarrikapen xenofoboak hartzen ari diren indarrarekin. Greziako hauteskundeetan gertatutakoa jarri zuen adibide .«Krisi garaian indarra hartzen dute halako diskurtsoek, eta hori oso arriskutsua da. Etorkinak aitzakia gisa erabiltzen dira, murrizketak estaltzeko».
EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik berriki adierazi du herritar guztientzako osasun arretaren aldekoa dela, «baina lehenbizi etxekoentzat». Basagoitik nabarmendu du lanera etortzen diren etorkinak «etxekotzat» dituela. Adierazpen horiek izan zituen hizpide Lopezek. «Etxekoak guztiak dira». Gainera, «zentzugabetzat» jo zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Immigrazio Zuzendaritza bat sortu izana. «Duten xede bakarra dagoeneko bertakoak diren herritar batzuk integratzea da».
«Aurreiritziak eta klixeak» bazter uzteko eskatu zuen Lopezek. «Jaioterriak ezin du bizi osorako zigor bat izan etorkinentzat. Gezurra da etorkinak gizarte laguntzetaz aprobetxatzen direnik. Egiten duten lanetik bizi dira». Etorkinen gaia «justizia sozialarekin» landu behar dela nabarmendu du. «Oinarrizko eskubideek ezin dute jatorriaren araberakoak izan».
%58k uste dute gizarte babesaz aprobetxatzen direla etorkinak
Andre etorkinei buruz galdeketa egin du Eusko Jaurlaritzak; herritarren %45ek ez diote balioa ematen haien lanari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu