Euskaraldia

60.000 lagunek baino gehiagok eman dute jada izena Euskaraldirako

Desoreka nabarmena dago rol batetik bestera: bostetik lauk ahobizi gisa eman dute izena. Hilabete falta da Euskaraldia hasteko, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik. 

Gaurko agerraldia. GARIKOITZ GOIKOETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urriaren 24a
09:08
Entzun

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoa. Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topagunea ari dira antolatzen, Euskal Herri osoko erakundeekin eta euskalgintzako eragileekin elkarlanean.

Indarra hartzen ari da Euskaraldia. Aurreratu dute jadanik 60.000 lagunek baino gehiagok eman dutela izena. Azaldu dute etengabeak direla izen emateak, eta, beraz, egunez egun ari dela kopurua handitzen. Izen emate horiek osatzeko, nahi dute jada izena eman dutenek inguruan ematea Euskaraldiaren berri, hartara izena eman dutenek ingurua “prestatu” dezaten hizkuntza ohiturak aldatzeko.

Hilabete falta da Euskaraldia hasteko, eta ordura arte zabalik egongo da izena emateko epea. Nabarmendu dute, hala ere, Euskaraldiaren funtsa ez dela zenbat jendek ematen duen izena, baizik eta zenbat lortzen den erdararako “inertziak” apurtzea. Izena emateak badu garrantzia, ikerketa bat egingo baitute Euskaraldiaren eragina aztertzeko.

Desoreka bat, bai, sumatu dute izen emateetan: gehienek ‘ahobizi’ rola hautatu dute, bostetik lauk. Antzeko egitasmoak egin dituzten herri batzuetan ere gertatu da desoreka hori. Horren oinarrian zer dagoen, bi hipotesi dituzte: batetik, hasieran “euskaltzale aktiboek” eman zutela izena batez ere, eta gehienek ahobizi rolera jo zutela; bestetik, belarriprest figura ezezagunagoa dela oraindik.

Gogoan izatekoa da, beraz, zein den rol bakoitzaren funtsa:

Ahobiziak. Ahal den guzti-guztietan euskaraz egingo dute, euskarari eutsiko diote ahal den leku guztietan. Hortaz, lehen hitza euskaraz egingo dute beti, baita ezezagunei ere; ulertzen badiote, euskaraz segituko dute, nahiz eta besteak erdaraz egin.
Belarriprest. Bidea erraztuko dute euskaraz egiteko: ez dute oztoporik jarriko euskaraz egiteko, eta euskaraz egin diezaieten eskatuko diete euskaldunei. Ez dute zertan euskaldun hartzaileak izan: euskaldunak ere izan daitezke belarriprest, ez badute beren burua gai ikusten ahobizi izateak eskatzen duen konpromisoa hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.