Aurrera jarraitzen du Udalbiltza berrantolatzeko prozesuak. Dagoeneko Euskal Herri osoko 606 udal hautetsik adierazi diote atxikimendua egitasmoari, atzo Iruñean egindako agerraldian jakinarazi zutenez. Hil amaieran Iruñean egingo duten bilerari begira, «Euskal Herriko udal talde guztiak» gonbidatu dituzte udalen erakunde nazionalean parte hartzera.
Izan ere, orain arte Bilduko, koalizioko alderdietako eta talde independenteetako eledunengandik jaso dute babesa batik bat; Ordizia (Gipuzkoa), Gasteiz, Iruñea, Atarrabia, Arantza, Oltza eta Zizurko (Nafarroa) udal ordezkariak agertu ziren atzo prentsaren aurrean. Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak emandako datuen arabera, 220 udaletako 73 alkatek eta 533 zinegotzik bat egin dute proiektuarekin.
Maiatzean abiatutako atxikimendu kanpainan, baina, 685 udaletako 6.500 hautetsiri igorri zieten eskutitza. Hartara, deialdia «Euskal Herriko alkate eta zinegotzi guztiei» irekita dagoela berretsi du Igor Eguren Ordiziako alkateak. «Zazpi lurraldeak batuko dituen erakunde batek herri honetako ikuspegi politiko guztiak bildu behar ditu, ahal dela», nabarmendu du. Dena den, «zail» ikusten du talde batzuek bat egitea, «badagoelako Euskal Herriak nazio gisa dituen eskubideak onartzen ez dituenik».
Printzipio berak
1999an, bake prozesuaren abagunean jaio zen Udalbiltza, Euskal Herriko lehen instituzio politiko nazionala. Erakundearen jarduna eten, eta Udalbiltzako ordezkariak epaitu eta errugabetu ostean, orain hamahiru urteko «printzipio berak» oinarri hartuta ari dira berrantolatzen, Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzeko helburuz, besteak beste. Baina egungo errealitatera egokituta egongo dela azaldu du Aritz Romeo Iruñeko Udaleko zinegotziak, «bake eta normalizazio politikoko aro berriak eta krisi ekonomiko larriak markatuta».
Alderdi abertzale guztien babesarekin sortu zen Udalbiltza, baina zalantzan dago berrantolaketan sostengu bera izango duen. Zehazki, EAJ proiektuan egongo den ala ez da duda nagusia. Udalbiltzaren berrantolaketaren sustatzaileek martxoan Irunen (Gipuzkoa) egindako bilerara ez zen jeltzalerik joan, baina bi aldeek aitortu dute harremanetan egon direla eta hala jarraituko dutela.
Edonola ere, ekainaren 30ean egingo dute Udalbiltza berrantolatzeko prozesuaren hurrengo bilera, Iruñeko Baluarte aretoan. Parte hartzea izango du oinarri: hautetsien proposamenei eta hausnarketei irekitako saioa izango da, horien arabera diseinatu nahi baitute Udalbiltza. Urtea amaitu baino lehen erakundeamartxan jartzea da sustapen taldearen asmoa.
606 hautetsi, Udalbiltza berrantolatzearen alde
Independenteek eta Bilduk babestu dute proiektuak, baina «udal talde guztiei» irekia dagoela berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu