Datuak

687 kasu positibo zenbatu dituzte Hegoaldean

Osasunbideak eta Osakidetzak 13.157 proba egin dituzte COVID-19a atzemateko, eta horien %5,2k eman dute positibo. Hirugarren egunez jarraian, Nafarroak 100 kasuren langa gainditu du.

COVID-19a atzemateko baheketa, Legorretan. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 25a
13:07
Entzun

Joera gero eta agerikoagoa bihurtzen ari da: kutsatuen kurba apaldu ezinik da Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 13.157 test egin ziren birusa detektatzeko, eta 687 positibo atzeman dituzte horietan. Horiek horrela, asteazkenean egindako probak oinarri, positiboen ehunekoa %5,2 da Hegoaldean. Egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruari dagokionez, otsailaren 13tik erregistratu den daturik makurrena izan da.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dira kasu gehien: 239. Gipuzkoan 151 zenbatu dituzte; Nafarroan, 158, eta Araban, berriz, 136.

Gainera, kutsatzeak larriagotu izanaren eraginez, Hegoaldeko lau herrialdeetako intzidentzia tasak gora eta gora ari dira etenik gabe. Zehazki, Araban da handiena tasa hori, eta, are, 300eko langa gainditu du berriki: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 307 pertsonari atzeman diete birusa. Gainerako lurraldeei dagokienez, Bizkaian 237 da tasa; Gipuzkoan 222 da, eta foru erkidegoan, berriz, 192 da.

Gainera, ospitaleei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute atzo 57 pertsona erietxeratu zituztela Hego Euskal Herrian COVID-19aren sintomak larriagotu zitzaizkielako. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan 407 paziente daude ospitaleraturik. Zehazki, 310 gela arruntetan daude, eta 102, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan: alegia, bezperan baino bat gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.