Beste behin, koronabirusaren kutsatzea larriagotzen ari dela berretsi dute eguneko datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 8.207 test egin ziren COVID-19a detektatzeko, eta horien %8,6k eman zuten positibo: 707k. Zehazki, Bizkaian 219 atzeman dituzte; Gipuzkoan, 213; Nafarroan, 177 eta Araban 88 izan dira.
Horrez gainera, ospitaleen egoerari buruzko datuak eguneratu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak; adierazle guztietan, bistakoa da presioaren handitzea. Hego Euskal Herrian 490 lagun daude gela arruntetan erietxeraturik, eta 130 paziente larri dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Hain zuzen ere, martxoaren 8tik erregistratu den daturik makurrena da hori.
Halaber, osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 65 pertsona ospitaleratu zituzten Hegoaldean gaitzarengatik. Azken hamalau eguneko datuei so, egunean 58 lagun erietxeratu dituzte batez beste. Martxoaren 21etik aitzina, batezbestekoak etengabe egin du gora; egun hartan 38 izan zen.