Haurren obesitateari eta gehiegizko pisuari aurre egiteko asmoz, Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait tresna aurkeztu dituzte gaur Gasteizen. Iratxe Salcedo medikuak ohartarazi duenez, egun 7 eta 14 urte arteko 71.000 haurrek gehiegizko pisua eta obesitatea dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, beraz, «beharrezkoa» da neurriak hartzea. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du haurrak mundu osoan «garesti» ordaintzen ari direla obesitatea eta «osasun publikoko arazo» gisa aztertu beharra dela afera. « Lehentasunezkoa da ingurune eta ohitura osasungarriak sortzeko lan egitea, betiere beste erakunde eta sektore batzuekin lankidetzan».
Teknologia eta pediatria uztartzen ditu lehen neurrietako batek. Hain zuzen ere, Mangolsen bidaia jokoaren bidez, haurrek eta familiek aukera izango dute elikaduraren gaineko informazioa eskuratzeko eta «ahalduntzeko». Areago, Murgak azaldu du pediatrek eta osasun arloko profesionalek erabili ahal izango dutela tresna berria, haurren eta familien bilakaera zein den jakiteko: «Jokoa pazientearen historia digitalarekin integratuta egongo da, eta, beraz, osasun arloko profesionalak aukera edukiko du hurrengo maila aktibatzeko eta haren bilakaera monitorizatzeko». Salcedok gehitu du jokoaren edukia «zientifikoki frogatuta» dagoela, horretan aritu baita profesional talde bat, eta pediatrei ere aukera emango diela «prestakuntza zehatzagoa» jasotzeko.
Jokoaz gain, «plater osasungarri» bat ere aurkeztu dute osasuneko arduradunek. Hain zuzen ere, Murgak azaldu du zer elikagai izan behar dituen plater batek elikadura osasungarria izango bada: «Plateraren %50 frutek eta barazkiek bete behar du; %25, karbohidratoek, eta %25, proteina osasungarriek». Nabarmendu duenez, informazio kanpaina horrek «modu grafikoan» jasotzen du elikagai horien garrantzia, eta zenbait euskarritan iritsiko da herritarrengana. Esaterako, triptikoak, kartelak eta iragarkiak jarriko dituzte osasun etxeetan.
Estrategiaren barruko neurriak
Osasun Sailak haurren obesitatearen aurkako estrategia jarri zuen martxan orain dela bi urte, eta gaur aurkeztutako neurriak haren parte dira. «Bost eremutan banatzen dira neurriak: familia, eskola, osasuna, pribatua eta komunitatea», gehitu du Murgak, eta gogoan izan ditu garatzen ari diren proiektu batzuk. Eskola patioak eraldatu, eskola bideak sortu eta jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak ezarri dituztela nabarmendu du osasun sailburuak, besteak beste.