Etorkizun politikoari buruzko galdeketak herri txikietatik hiriburuetara eramateko "tarteko pauso" gisa, Getxoren tankerako "herri handietan" egin nahi dituzte kontsultak, Iñaki Friera Getxoko Gure Esku Dago-ko kideak adierazi duenez.
Horretarako abiatu zuten Getxon galdeketa antolatzeko prozesua, eta sinadurak biltzen aritu dira. Getxoztarren %5en sinadurak behar zituzten, baina bi bider gehiago lortu dituzte: guztira, 7.448. Hala jakinarazi dute Algortan eginiko ekitaldian. Getxoko galdeketarako Batzorde Sustatzailearekin batera, 200 bat lagun batu dira bertan, eta, batzordearen izenean, hitza hartu dute Gorka Mostajok eta Jone Uriak.
Ekitaldian, eragileei dei egin diete "modu demokratikoan, errespetuzkoan eta konprometituan" parte har dezaten dinamikan. Herri txikiagoekin alderatuta sinadurak biltzea-eta "zailagoa" delakoan, pozik agertu dira lortutako atxikimendu kopuruarekin. Amaitzeko, bost suziri bota dituzte, A-5eko datari keinu eginez.
Azaroaren 5ean dira egitekoak galdeketa Getxon. Joan den igandean, Nafarroako 24 udalerritan egin zituzten, eta 7.784 herritarrek eman zuten botoa (%28,73). 2014az geroztik, 166 herritan egin dituzte estatus politikoari buruzko galdeketak, eta, orotara, 154.000 lagunek eman dute botoa.